argia.eus
INPRIMATU
Pasaiako portuan izan da Guardia Zibila, gainkostuetan ustelkeria izan den ikertzen
  • Sei delitu zantzu aurkitu ditu Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak. Portu Agintaritzako zuzendariaren arabera, “gainkostua justifikatua dago”.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko ekainaren 15
Operazioak Pasaiako lonjako lanak luzatuko dituela ohartarazi du Cesar Salvadorrek. (Argazkia: Cadena de suministro)

Pasaiako lonjako lanetako gainkostuak ikertzen ari da Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltza, eta kasua argitu dezakeen dokumentazioaren bila aritu da Guardia Zibila. Hamabost milioiko aurrekontuarekin esleitu ziren 2011ean, baina bost milioi euro gehiago erabili dira orain artean. Lanak amaitzerako beste sei gehiago izatea aurreikusten da, guztira %73 gehiago.

Lanen gainkostuaren baitan sei delitu zantzu aurkitu ditu fiskaltzak: Prebarikazioa, diru publikoa oker erabiltzea, agiriak faltsutzea, iruzur egitea, eroskerian aritzea eta ordainarazpen ilegalak egitea.

Cesar Salvador Portu Agintaritzako zuzendariak Euskadi Irratian adierazi duenez, baina, okerrak dira zantzuak: “Ez genuen operazioa espero. Administratiboki zalantzazkoak diren jarduerak egon litezke, baina hori ustelkeriarekin lotzea gehiegizkoa da”.

Astearte eguerditik gauerdira arte aritu ziren poliziak informazioa kaxetan ateratzen. Salvadorren esanetan, alferrikakoa da egin dutena: “Gurtel edo Acuamed auziak ikertzen ari diren sail bera da, baina ikusiko dute Pasaian ez dagoela iruzurrik. Gainkostua justifikatua dago”.

Ricardo Peña Pasaiako Portu Agintaritzaren presidenteak eskatu eta Espainiako Portuen Erakunde Publikoak abiatutako ikerketa batean oinarrituta dago ikerketa. Macarena Olona Estatuaren Abokatuaren bidez heldu da kasua fiskaltzara.