argia.eus
INPRIMATU
Amiantoagatik zigortu dituzte Pasaiako Portua eta Algeposa enpresa taldea
  • Pasaiako Portuko Agintaritza eta Algeposa taldea lan arriskuen babesa ez bermatzeagatik kondenatuak izan direla adierazi du Amiantoaren Biktimen Euskal Elkarte ASVIAMEk. Osakidetzak laneko gaixotasunak ezkutatu izana salatu dute.

Oarsoaldeko Hitza Oier Iriarte 2024ko azaroaren 12a

Auzitegi Sozialak Pasaiako Portuko Agintaritza eta Algeposa taldea lan arriskuen babeserako betebeharra ez errespetatzeagatik, eta ondorioz, bertako langile baten birikako minbiziak eragindako heriotzagatik langilearen familia 166.745,45 euroko kalte-ordaina ordaintzera kondenatu du.

Langileak Biyak Bat paper-fabrikan lan egin ondoren 1985etik aurrera Pasaiako portuan eta Algeposa lantokian lan egin zuen garabien eta merkataritza garraiorako ibilgailuen balaztako zapatak konpontzen eta aldatzen, amiantoaren eraginpean.

2021ean Donostiako ospitalean amiantoak eragindako birikako adenokartzimona diagnostikako zioten, baina ez zuten susmagarritzat jo, eta ASVIAMEk minbizia ezkutatzen lagundu izana salatu du. 2022an zendu ondoren, Osalanek amiantoaren eraginpeko langileen fitxategian sartu zuen 2023an.

ASVIAMEk Osakidetzak lanaren ondoriozko minbizia ezkutatzen lagundu zuela salatu du. Osakidetzak lan minbiziaren ezkutaketan konplize izateari uzteko exijitu du elkarteak, enpresak minbizia sor dezaketen substantziekin lan egiten duten langileentzako prebentziozko neurriak saihestera bultzatzen baititu.

ASVIAME pozik agertu da sententziarekin, enpresen lan heriotzaren aurkako neurrien urraketa agerian gelditu baita. Europako Batzordearen arabera lan heriotzen %52a minbiziagatik izan da.