Irailaren 24an epaituko dute Donostiako Epaitegian 2018ko urrian, Herrera-Trintxerpe pasabidearen inaugurazioan, agintariei errautsa bota zien lezoarra. Markel Olano, Arantxa Tapia eta Eneko Goiari hautsa bota zien ondorengoa esaten zuen bitartean: "Hau da egunero jasaten duguna Pasaiako portu zikin honetan". Lezoko Badian Bizi taldeak kontzentrazioa deitu du 13:00etan eta dei egin die herritarrei "egoera bidegabe hau salatzera eta Josuri babesa ematera".
Lezoko Badian Bizi taldeak prentsara bidalitako oharrean salatu du Lezoko eta badia inguruko gainerako herrietako bizilagunek urte luzez pairatu duten eta egun ere pairatzen jarraitzen duten mota askotako kutsaduren iturri dela Pasaiako Portuaren jarduera.
"Nazkatuta gaude dagoeneko herritarrak hustuketa-zamaketa lanak behar bezala egiten ez direlako, egunero hauts eta keak arnastu beharraz, edota onartutakoa baino askozaz ere zarata handiagoak jasan beharraz, baita gauez ere", diote. Gogoratu dute 2018ko abuztuaren 2an Lezoko moiletan gertatu zen suteak "alarma guztiak piztu" zituela, baita herritarren haserrea ere.
"Tamalez, gauzak ez dira batere aldatu, Pasaiako Portuko Agintaritzak eta portuan udal jarduera baimenik gabe diharduten enpresek kutsatzen eta herritarren bizi kalitatea eta osasuna suntsitzen jarraitzen dute. Bitartean, herritarren alde jokatu behar luketen erakunde publiko eskumendunek isilik eta geldi jarraitzen dute".
2018ko urrian agintariei errautsa bota zien ekintzaileak inguruotako herritarren inpotentzia salatu nahi izan zuela diote, eta horregatik bere aldeko elkarretaratzea deitu dute.
Jarraian ekimenaren bideoa, ETBk grabatuta.