argia.eus
INPRIMATU
Pasaiako badian Poliziak hildakoak oroitu dituzte Azpeitian, eta larunbatean egingo dute ekitaldi nagusia
  • Asteartean bete dira 38 urte Poliziak Komando Autonomo Antikapitalistak erakundeko lau kide hil zituenetik Pasaiako badian. Urtemugaren harira, hildakoak oroitu dituzte Azpeitian, baina larunbaterako gorde dute ekitaldi nagusia. Azpeitian egingo da, 19:00etatik aurrera Azoka plazan.

ARGIA @argia 2022ko martxoaren 23a
Argazkia: Pasaiako Sarraskia Argitu

1984ko martxoaren 22an, Pasaiako Badian, Espainiako Poliziak tiroz hil zituen Pedro Mari Isart, Rafael Delas, Jose Mari Izura eta Dioni Aizpuru, Komando Autonomo Antikapitalistak erakundeko kideak. Sarraskiaren 38. urteurrenean, hildakoak oroitu dituzte Azpeitiko Enparan Dorretxearen atzean dagoen monolitoaren bueltan, Pasaiako Sarraskia Argitu plataformak antolatutako ekitaldian. Bertan parte hartu dute, besteren artean, Dioni Aizpuru zenaren anai-arreba Peio Aizpuruk eta Pilar Arbelaitzek, eta baita Pedro Mari Isart zenaren arreba Arantxa Isartek.

Halere, martxoaren 26rako gorde dute ekitaldi nagusia. Larunbatean berriz oroituko dituzte Poliziak hildakoak Azpeitian, 19:00etatik aurrera, Azoka plazan. Isart, Delas, Izura eta Aizpururen senideek ez ezik, bertan parte hartuko dute Jon Maia bertsolariak eta Joseba Sarrionandia idazleak ere, besteak beste.

Gertakariak argitzeko eskaria eta torturaren aurkako aldarriak

Oroimenarekin batera, aldarrikapenei ere egingo diete lekua. "Pasaiako sarraskia argitzeko eskaera izango da aldarri zentrala, torturaren aurkako aldarriarekin batera", jakinarazi dute antolatzaileek. Urteak dira segada hura ikertzeko eskakizuna mahai gainean dela, baina "erailketak ikusi zituzten testiguak eta beste hamaika proba dauden arren, oraindik ez da kasuaren egia, justizia, erreparazio edo aitortza ofizialik izan. Senide eta lagunek kasua argitzeko lanean jarraitzen dute".

Bestetik, antolatzaileek azpimarratu bezala, "tortura Pasaiako sarraskia burutzeko ezinbesteko elementua" izan zen. Izan ere, "Pedro Mari Isartek torturaren sufrikariotik gehiago ez pasatzeko erabaki zuen Iparraldera ihes egitea". Eta bestetik, Rosa Jimeno oriotarrari egindako torturek ahalbidetu zioten Poliziari Pasaiako segada antolatzea. Espainiako Poliziak 1984ko martxoaren 18an bahitu zuen Jimeno Donostian, eta Dionisio Aizpururekin hitzordua egin zuen arte torturatu zuten.