argia.eus
INPRIMATU
Pasaiako badia kutsatu du Txingurri errekako isurketa batek
  • Txingurri errekak zuriz tindatu zituen Pasaiako badiako urak asteartean, Herrera inguruan. Eguzkin salatu du 2077an hasitako saneamendua osatu gabe dagoela eta hori bukatzeko zain daudela: “Hobe eserita itxaroten badugu”.

ARGIA @argia 2019ko irailaren 26a

Pasaiako Portuko Agintaritzak kutsaduraren kontrako hesiak jarri behar izan zituen Pasaiako badian joan den asteartean, Txingurri errekak bere urak isurtzen dituen tokian, Herrera inguruan, kutsadura orban handi bat sumatu ondoren.

Eguzkik azaldu duenez ez omen dago jakiterik “zehatz-mehatz” non izan den isurketa, baina bai Txingurri errekatik joan dela. Talde ekologistak nabarmendu duenez Donostiako Altza eta Larratxo, eta Pasaiako Herrera auzoetako ur zikinak erreka horretara doaz zuzenean.

2007 eta 2008 artean saneamendu lanak egin zituzten arren, salatu dute isuri asko bildu gabe daudela oraindik: “Txingurrik isuriak etengabe garraiatzen ditu badiara, nahiz eta asteartekoa, batez ere koloreagatik, ikusgarriagoa izan zen”, dio Eguzkik.

Ur kalitatea: “Ona baina hobea”

Eusko Jaurlaritzaren URA agentziak 2019ko maiatzean argitaraturiko txosten baten arabera (PDF, gaztelaniaz), Pasaiako badiako uren kalitatea “erdizkakoa” da orokorrean baina hainbat tokitan “ona baino hobea” dela adierazten du mapa batek, Herreran, Txingurri errekaren bokalean “txarra” da.

Txostenak ondorioztatu duenez, Pasaiako badian uren kalitateak onera egin duen arren, Herrerako kaian “berreskuratzetik urrun dago, erreka batek hondakinak isurtzen baititu oraindik”. Isurketa horiek “inpaktu larria” eragiten duela aitortzen du ikerketak.