argia.eus
INPRIMATU
Partidua 21-05 galtzen ari direla salatu dute Nafarroako abeltzainek
  • Asteazken honetan egin dute bilkura Nafarroako Gobernuko Landa Garapenerako Sailaren aurrean, kostuak etengabe gora doazela eta, aldiz, salmentaren prezioak izoztuta daudela salatzeko.

ARGIA @argia 2021eko irailaren 22a
Argazkia: EHNE

Pilota partidu bateko emaitzarekin irudikatu nahi izan dute egoera, aurtengoan nola galtzen ari diren irudikatzeko: 21-5. Animaliak elikatzeko pentsuen kostuak %25 igo dela adierazi dute EHNE sindikatutik, energia ere gora doala, eta salmenta marjina etengabe behera: “Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren arabera, azken bost urteetan bataz beste, gizendutako 100 kilo haragi txahal bakoitzeko marjina 104 eurotik 60 eurora jaitsi omen da”.

Pandemian elikagaien kontsumoak gora egin zuen eta, abeltzainek adierazi dutenez, erosketa-saskia duela hamabost urte baino %40 garestiagoa da, baina hori ez da haien diru sarreretan islatu. Kexu dira, pandemiaren hasieran haien sektorea funtsezkotzat jo zelako eta orain “berriz ere ederki estutu” dituztelako, “askotan kostu-prezioaren azpitik saltzera behartuz”.

Kexu dira, halaber, elikagaien kateari begira haiek direlako kaltetuen eta hark “bizirautea baino zerbait gehiago” eskaini beharko liekeelako, horrela lan aukera erakargarria bihurtuz eta “landa ingurura jendea ekarriko duen etorkizuna bermatuz”.

Nafarroako Gobernuari egoera hori iraultzeko esku-hartzeko eskatu diote, behar diren baliabideak jarriz. Ustiategi asko gaur egun diru-laguntzetatik bizi direla aipatu dute, baina “menpekotasun egoera hori” ez dutela gustuko.

Kezka ere erakutsi dute, egungo egoera aldatu ezean ustiategi txiki askok itxi egin beharko dutelako eta haien lekua eredu industrialak hartuko duelako, “eta badakigu horrek zer ondorio dakartzan landa eremuetan”.

Kontsumitzaileen konplizitatea ere eskatu dute, bereziki haragiaren aurkako kanpaina bidegabeak jasaten ari direnean: “Asko jatea baino, haragi ona jatea garrantzitsuagoa dela uste dugu”.