argia.eus
INPRIMATU
Parte-hartzerik gabeko mugikortasun politikek eragile sozialen haserrea eragin dute Gasteizen eta Bilbon
  • Bilbon asteazken eta ostegunean SUM Bio'19 mugikortasun jasangarriaren inguruko kongresua egiten ari dira, Petronor eta Bilboko Udalak antolatuta. Horren aurrean, ingurumenarekin eta garraioarekin kezkaturiko taldeek manifestua kaleratu eta elkarretaratzea egin dute. Gasteizen berriz, hainbat eragile sozialek mugikortasunaren elkargunea utzi dute, udalaren parte-hartze politikarekin desadostasunak dituztelako.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2019ko otsailaren 20a
Euskalduna Jauregiaren aurrean bildu dira "benetako mugikortasun jasangarri" baten aldeko ekintzaileak (arg: Txartel Bakarraren Aldeko Foroa)

Parte-hartzerik gabe ez dela mugikortasun jasangarririk izango. Horixe da Bilbon Euskalduna Jauregiaren aurrean asteazken goizean hainbat herritarrek aldarrikatu dutena, besteak beste Bizkaiko Txartel Bakarraren aldeko foroak deitutako elkarretaratzean.

Foro horrek hainbat eragile sozial biltzen ditu eta manifestua ere kaleratu du, Biziz bizi, Supersur Ez, Eguzki, Metroko 4. linearen plataforma, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioa eta Ekologistak Martxan taldeak sinaturik. Manifestuan diote Bilboko Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Planak ez duela "benetako parte-hartze prozesurik" izan, "ez da nahikoa web orrialde bat irekitzearekin".

Hala, mugikortasun jasangarrirantz egiteko zein lehentasun jarri beharko liratekeen zerrendatu dute: kotxeari begira dagoen hiririk ez sortzea, Supersur errepidearen handitzea bertan behera uztea, auzoen arteko lotura sustatzea metroko lineen bidez, garraio bide publikoa integratzea, egiazko aire kutsadura indizeei mozorroa kentzea, eta bidegorrien sarean Bilbok oraindik dituen "gabezia handiak" konpontzea.

Deigarria egin zaie kongresuaren antolaketaren atzean Petronor enpresa egotea, "euskal enpresa kutsakorrenetarikoa" dela gogorarazi baitute. Euren ustez kongresuarekin Bilboko Udalak "marketinga eta oihartzun internazionala lortzea" du helburu.

Nolanahi ere, hiri "atseginago eta osasuntsuago" baten defentsan segiko dutela adierazi dute elkarretaratzearen bidez.

Gasteizen, mugikortasun elkargunetik kanpo

Mugikortasuna lantzeko orduan parte-hartze politika eskasak sortzen duen ezinegona Gasteizen ere ikusi da. Ekologistak Martxan taldeak, Gasteizko Bizikleteroek eta Hegoaldeko auzo elkarteak Mugikortasun Jasangarriaren Elkargunetik irtetea erabaki dute.

Foro hori 2015 urteaz geroztik zegoen martxan: "Legegintzaldi honetan elkargunearen 23 batzarretan izan gara, eta ez gaituzte aintzat hartu; ez dute kontuan hartu ere egin dugun ahalegina", azaldu dute, Arabako Aleak jaso duenez.

Besteak beste, Urtaranen udal gobernuari egotzi diote tranbiaren eta autobus azkarraren linea berrien zabalkundea herritarren parte-hartzerik gabe erabaki izana. "Informatu baino ez badute egiten, gure ekarpenak ez badituzte aintzat hartzen, zer zentzu dauka gure parte-hartzeak?", dio Bizikleteroak taldeak zabaldutako oharrak.