argia.eus
INPRIMATU
Parte-hartzean oinarrituriko enpresen sarea sortuko dute Beterri-Buruntzan
  • Enpresa parte-hartzaileen ekosistema sortzeko lehen pausoa emango dute laster eskualdean. Proiektua azaroaren 7an aurkeztuko dute, Hernaniko Orona-Ideon antolatutako jardunaldi baten bidez, eta hainbat enpresen esperientzia ere ezagutaraziko dute.

ARGIA @argia 2019ko urriaren 30a
Azaroaren 7an Hernaniko Orona-Ideon eskualdeko bost enpresak parte-hartzearen inguruan izandako esperientzia entzuteko aukera izango da.

Denbora daramate biltzen Beterri-Buruntzako hainbat enpresa eta eragile, ekonomia sozial eta eraldatzailearen bueltan hausnartu eta nola saretu aztertzeko. Talde eraginkor eta iraunkorra izateko estrategia horretan, lehen helburua finkatu dute: parte-hartzean oinarrituriko ekosistema sortzea.

Azaroaren 7an jardunaldi bat egingo dute Hernaniko Orona-Ideon, eskualdeko enpresak, ekintzaileak, lanbide heziketako eragileak eta garapen agentziak batzeko. Beterri Saretuz izeneko programa aurkeztuko dute: lan-mahaien eta elkarren arteko ezagutzaren bidez, enpresek euren barne egituretan parte-hartzea bultzatzeko tresna edo gida bat izatea da asmoa.

Langileek kapitalean eta erabakiguneetan duten parte-hartzea funtsezkoa da, ekonomia sozialaren ikuspegiak barneratu nahi dituen enpresa ororentzat. Erakunde publikoak ere jabetu dira horren garrantziaz eta lehentasuna ematen hasiak dira. Hain zuzen, Beterriko ekimenak Gipuzkoako Aldundiaren eta eskualdeko udalen laguntza jaso du.

Ekonomia eraldatzaileaz eta eskualdeko sareaz hitz egiteko bileretako bat.

Hernaniko jardunaldia ez-ohikoa izango dela azaldu dute antolatzaileek, eskualdeko bost enpresak parte-hartzean izan duten esperientzia kontatuko baitute. Enpresa mundutik ez da normalki barne antolaketaz modu irekian hitz egiten, baina kasu honetan haien sukalderaino sartzeko aukera izango da: “Alor ezberdinetan partaidetzarako sistemak ezarri dituzte guztiek eta sektore, tamaina nahiz izaera askotakoak izanik, ikuspuntu anitza eskainiko dute”, diote.

Hernaniko Talleres Mitxelenak eta Fagor Ederlanen Usurbilgo plantak kooperatiba bihurtzeko prozesuaz hitz egingo dute; Katealegaia enplegu zentroak, bere aldetik, kapitalaren osaketa bereziaz; eta Usurbilen egoitza duen TaPuntu enpresa barne komunikazioaz ariko da –marketing digitalaren eta diseinu grafikoaren arloan egiten dute lan–. ARGIAk ere azalduko ditu Lasarte-Oriako erredakzioan horizontaltasunerantz emandako pausoak.

Hernaniko Talleres Mitxelenak 60 urte bete ditu eta soka-dantzarekin ospatu zuten; kooperatiba bihurtzeko prozesuaz eta parte-hartzeaz hitz egingo dute.(arg: OlatuKoop)