argia.eus
INPRIMATU
Parte-hartzea nagusi Arroan, Eskola Txikien Festan
  • Sakulupe guraso elkarteko kideek, "emozioz eta nekez" beteta eskerrak eman dizkiete ekainaren 11n Eskola Txikien Festa egiten lagundu zuten guztiei. Eguraldi ederra lagun, festa ederra eta parte-hartzailea antolatu zuten. Hurrengo urtean Oikiaren txanda izango da.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2017ko ekainaren 13a
Arroako ikasleak, biharamonean, eskola guztietako haurrek osatutako lorategia jasotzen. Argazkia: Sakulupe Arroako guraso elkartea.

Urtero, eskola txiki guztietako ikasleek elkarrekin ekintza sinboliko bat eginez ematen zaio festari hasiera. Ekainaren 11n, eskola bakoitzak era batera eginiko loreak sartu zituen Arroako eskola berria egingo duten zelaian, guztien artean "Arroa" hitza osatzen zutela. Izan ere, auzoan zehar zabaldutako pankartek eta hasierako ekitaldian azpimarratutako hitzek "Arroan eskola berria orain" mezua helarazi zuten egunean zehar. Baita "herriak lotu, bidegorria amaitu" ere, bertatik Zumaiara edo Zestoara joateko kotxearen dependentzia baitute. Arazoen konponbide zehatzak proposatzeaz gain, egun alai eta oparoa antolatu zuten. Urtero bezala, jendetza bildu zen Eskola Txikiak herri txiki eta auzoen bizigarri direla aldarrikatzeko, eta eguraldiak urtero ez bezala izugarri lagundu zuen.

 

Gorputza hennaz apaintzeko aukera izan zuten umeek.
Goiz eta arratsaldez, jolasak txandakatzea

Eskola txikiak dituzten Gipuzkoako herriak lau taldetan banatu zituzten, eta auzoan zehar lau jolas-gune atondu. Herri-multzo bakoitzak ordu erdi egin zuen jolas-gune bakoitzean. Oso eskertzekoa, jolasak irudimen handikoak zirela, haur eta helduak martxan jarri zituztenak. Zirko gunean xaboi ponpak egin zituzten, zuhaitzetik zuhaitzera soka gainean ibili, salto, platerak makilen gainean dantzan jarri... Koloreen gunean bainurako gatzak egin zituzten, mandalak margotu, baita hennaz gorputza apaindu ere. Frontoian zaku karrerak eta inoiz probatu gabeko era guztietako karrerak, txinga-eramatea, soka-tira... Eta zelaian ginkana eta koloretako karparekin jolas kooperatiboak. Arratsaldean, Ekaingo museoaren laguntzaz, zotzari eraginez sua egin nahirik ikusi genituen adin guztietakoak elkarlanean. Nahiko txispa eta arpa-jotze piztu zuen ariketak, baina surik apenas... Era guztietako puzgarriak ere izan ziren.

Karparekin jolas kooperatiboak egin zituzten.
Bazkaria, kantua eta musika... aparretan

320 lagunek bazkaldu zuten marmitako edo makarroi platerkada. Ostean, kantu saioa egin zuten karpan, soinuaren laguntzaz. Egun osoan zehar trikitilari taldeak aritu ziren kaleak girotzen, baita joaldunak ere. Egunari bukaera biribila apar-festak eman zion. "Umeak neka-neka eginda eta gainera bainatuta eramango dituzue" iragarri zuten megafoniatik.

Hurrengo urtean, Oikian

Bertatik bertara esku-aldatu zuten Eskola Txikien ikur den lekukoa. Arroatik Oikiara, Zestoaren auzotik Zumaiakora. Arroako Sakulupe guraso elkarteak oikiarrei eskaini dizkiete komunikabideetara igorri duten balorazioko azken lerroak: "Gure berotasuna eta hauspoa oikiarrei, guk egindako bidea orain hasiko dute haiek, luzea eta gogorra une batzuetan, neketsua ere bai, baina aberasgarria eta gozagarria zalantzarik gabe. Animo eta eutsi gogor!".