argia.eus
INPRIMATU
Parte hartzea lehen itzulian baino apalagoa izaten ari da herrietako hauteskundeetan
  • Bozkatzeko ordu bat gelditzen dela, %44,96koa da parte hartzea Ipar Euskal Herria eta Biarno biltzen dituen departamenduan. Ipar Euskal Herriko 18 herrietan dute bozketen bigarren itzulia (beste 140 herrietan lehen itzulian argitu ziren auzapeza eta herriko kontseilua). Emaitzen berri emanen dugu 18:30tatik aurrera sare sozialetan zein www.argia.eus webgunean.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2020ko ekainaren 28a

Sekulan baino parte hartze apalagoa izan zen martxoaren 15eko lehen itzulian eta, 17:00etan emandako datuei segi, are apalagoa izanen da bigarren itzulikoa. Ipar Euskal Herria eta Biarno biltzen dituen departamenduan adibidez, %44,96ekoa zen 17:00etan –martxoaren 15ean %52,17koa zelarik ordu berean–. 18:00tan hetsiko dituzte bozka bulegoak.

Lehen itzulia martxoaren 15ean burutu zuten Ipar Euskal Herriko 158 herrietan eta bigarren itzulia dute gaur ondoko hemezortzi herrietan: Aldude, Amenduze, Azkaine, Baiona, Bidaxune, Bildoze, Bokale, Miarritze, Hendaia, Itsasu, Landibarre, Larrañe, Maule, Senpere, Urketa, Urruña, Uztaritze eta Ziburun.

Erreportaje honetan irakurri dezakezue gaurko bozketen aurkezpena, besteak beste Baiona, Miarritze, Senpere, Maule,Hendaia, Itsasu, Ziburu, Uztaritze eta Urruñako lehien azalpenarekin: "Gehiengoan kokatzeko eta auzapezgoak irabazteko aukerak dituzte abertzaleek".