argia.eus
INPRIMATU
Partaideek balorazio ona egin dute Osakidetzako mahaiaren lehen bilkuraz
  • Imanol Pradales lehendakariak eta Alberto Martínez sailburuak gidatuta ostegun honetan bildu zen Bilbon osasun publikoari buruzko mahaia. Bertan izan ziren, halaber, osasunaren sektoreko eta euskal gizarteko eragile ugari.

Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko irailaren 06a
Eusko Jaurlaritza / Irekia

Alberto Martínez Osasun sailburuak egoeraren diagnostikoa zehazten duen txosten zabala eraman zuen bilerara, eta adierazi zuen datorren martxorako osasun esparruko ituna lortu nahiko lukeela eragileekin.

Bileran izan ziren Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiak –Vox izan ezik, Pradalesek ez zuen gonbidatu-eta–; Sindikatu Medikua eta SATSE erizainen sindikatua; CCOO, LAB eta UGT sindikatuak; EHU, Deustu eta Mondragon unibertsitateak, Confebask patronala, eta pazienteen eta profesionalen ordezkariak.

ESK sindikatua gonbidatu gabe zegoen, baina egoteko nahia agertu du eta hurrengo bileratik aurrera egongo da. ELAk egoteari uko egin dio, Jaurlaritzari ez diolako borondaterik ikusten Osakidetzan behar diren aldaketak egiteko.

Osasun sailburuak gai ugari jarri zituen mahaiaren gainean bere diagnostikoan, hala nola, gizartearen zahartzea, jaiotze-tasen beherakada, gaixotasun kronikoen gorakada, gaixotasun berrien agerpena edota klima aldaketa. Gizartearen osasun zerbitzuen eskaria ere gero eta handiagoa dela nabarmendu zuen.

Horren guztiaren aurrean, Osakidetzak finantzazio handiagoa behar duela azpimarratu zuen, eta finantzazio ereduak ere aztertu beharko direla. Besteak beste, prebentzioak izan behar duen garrantzia ere nabarmendu zuen, eta profesionalen lan baldintzak hobetu beharra ere bai.

Eragile gehienak pozik

Lehen bileraren aurrean pozik agertu dira eragileak, baina erreakzioetan mesfidantza kutsua ere nabari da haietako hainbatetan. Sumarrek zehaztu du, esaterako, Jaurlaritzaren politikekin alde handia dutela eta horregatik eszeptizismo maila bat agertu zuen. LAB pozik atera zen bileratik, baina zehaztuta orain aritzeak ez duela esan nahi itunean egongo denik, eta hori edukien arabera izango dela: “Diagnosian asko harritu gaitu langileekin eramandako politiken eta hauen ondorioen inguruko azterketarik ez egotea, ezta pribatizazio politiken eraginaren inguruko azterketarik ere”.

Bileran egon ez zen ELA sindikatua agertu da kritikoen harekin, bere ustez gobernuak ez duelako osasun arloan sakoneko aldaketarik egiteko asmorik: “ELA Osakidetzako mahai sektorialean dago gainontzeko sindikatuekin, eta mahai hori erabat blokeatuta dago. Jaurlaritzaren gobernu programa irakurrita, ez dugu inongo zantzurik ikusten pentsatzeko Jaurlaritzak osasun politikak aldatzeko borondatea duenik”. ELAk gogorarazi du ez duela elkarrizketa sozialeko mahaietan parte hartzen, “mahai horiek edukirik ez dutelako eta propagandistikoak direlako”.