argia.eus
INPRIMATU
Parot eta Esnalen kasuan justiziak jarrera aldatzen ez badu, erantzun are handiagoa iragarri du Bake Bideak
  • 2.000 bat lagunek hartu zuten parte joan den uztailaren 23an Bake Bideak deituriko blokeatzeetan, Jakes Esnal eta Jon Paroten baldintzapeko askatasuna aldarri. Positiboki baloratu dute lortutako parte-hartzea eta oihartzuna, eta hurrengo hitzorduari begira jarri dira: irailaren 22an erabakiko du Frantziako justiziak bi euskal presoen egoera.

ARGIA @argia 2022ko uztailaren 26a
Uztailaren 23ko blokeatze ekintzek irudi ikusgarriak utzi zituzten (argazkiak: Bake Bidea)

Hamabost blokeatze puntu izan zituzten jomuga larunbateko desobedientzia ekintzetan parte hartu zutenek. Guztira, 26 atxilotu eragin dituzte mobilizazioek: batzuek prokuradorearen ordezkoaren aurrean deklaratu beharko dute, beste batzuek Baionako Zigor Auzitegian, eta beste hainbatek Akizeko Zigor Auzitegian. Frantziako justiziak Bake Bidearen aurkako neurriak ere har litzake.

Debekatuta egon arren aurrera ateratako blokeatzeen arrakasta nabarmendu dute Bakegileek, baina irailaren 22ra begira daude jada: orduan erabakiko du Frantziako justiziak ea baldintzapean aske geratuko diren Esnal eta Parot. Orain arte, behin eta berriz ukatu diete eskaera; 32 urte daramatzate preso Frantzian.

Euskal Herritik emandako abisua

In crescendo ari gara, eta irailaren 22an ez bada entzun Euskal Herritik eman den abisua, emango dugun erantzuna are handiagoa eta intentsitatea handiagokoa izango da”, iragarri du Anaiz Funosa Bake Bideako kideak, Naiz irratian.