argia.eus
INPRIMATU
‘Parot doktrinaren’ aurkako bi mobilizazio debekatu dituzte
  • Carmen Albak, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen delegatuak, debekatu egin ditu Parot doktrinaren aurka Iruñean eta Tafallan egitekoak diren mobilizazioak, deialdian Ines del Rio presoaren izena aipatzeagatik, Herrira kolektiboak jakinarazi duenez.

Jon Torner Zabala @jtorner 2013ko martxoaren 12a
Ines del Rio Tafallako presoa, artxiboko irudian (Ateak Ireki)

“Debekuak mobilizazioen goiburuan du oinarri: 197/2006 doktrina eten. No a la cadena perpetua. Inés askatu”, dio Herrirak plazaratutako oharrak. “Gobernuaren Ordezkaritzak onartu du goiburuak kaltegabea eman dezakeela, baina Inés del Ríoren izena sartuta dagoenez, gehitu du manifestazioen helburua ez dela ‘hain kaltegabea'. Haren hitzetan, helburua ez da soilik Parot doktrina bertan behera uzteko ‘eskatzea’, ETAkoa izateagatik zigortutako pertsona bat ‘goratu eta haren alde egitea’ baizik”.

Dena den, bi deialdiei eustea erabaki du Herrirak. Tafallako manifestazioa larunbat honetan da egitekoa, eta Iruñekoa martxoaren 20an, Europako Giza Eskubideen Auzitegian Ines del Rioren auzia aztertuko duten egunean.

Epaia hurrengo hilabeteetan emango du ezagutzera Estrasburgok. Herrirak azpimarratu duenez, Del Riorentzat ez ezik, zigorra osorik bete ondoren espetxean jarraitzen duten preso guztientzat erabakigarria izango da epaia, atzera bota baitezake Espainiako Gobernuak jarritako helegitea. Egun horretan Euskal Herri osoan egingo dira elkarretaratzeak.