argia.eus
INPRIMATU
“Parot doktrina” dela-eta Rajoy itzulinguruka
  • Espainiako presidenteak ez du argitu zer egingo duen Estrasburgok “Parot Doktrina” indargabetuz gero. 197/2006 sententziatik abiatuta euskal presoei kondenak luzatzeko aukeraren alde dagoela berretsi du baina erabakiaren ezarpena auzitegien esku utziko duela dio.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko urriaren 17a
Mariano Rajoy Espainiako presidentea kongresuko agerraldi batean.

Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak datorren astelehenean hartuko duen ebazpena dela medio, Aitor Esteban EAJko diputatuak Parot doktrinaz galdegin dio Rajoyri Espainiako kongresuan. Horren aurrean, "zuzenbide estatu batek bere arauak bete" behar dituela erantzun du Espainiako presidenteak.

Espainiako Auzitegi Gorenak eta Auzitegi Konstituzionalak “Parot doktrinaz” eginiko interpretazioa defendatu du, "ordenamendu juridikoa eta nazioarteko hitzarmenak" betez "interes orokorrari" erantzungo diola argudiatuta.

Ez du ebazpenaren inguruko zehaztapen  garbirik eman. Hala ere, azpimarratu du 197/2006 doktrina “terrorismoaren" kontrako borrokan "oso baliagarria" izan dela eta berak ez duela bertan behera gelditzerik nahi. Edonola ere, Espainiako Gobernuak "ordenamendu juridikoa eta nazioarteko hitzarmenak" betez "interes orokorrari" erantzungo diola gogorarazi du.

Ezer garbirik argitzen ez duten hitz horien aurrean, Aitor Esteban EAJko diputatuak Rajoyri Estrasburgoren epaia betetzeko eskatu dio. Horrez gain, gogorarazi dio martxoan Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak doktrina mantentzeko “ingeniaritza juridikoa” erabiliko zuela agindu zuela. Azkenik, diputatu jeltzaleak garai berrietara egokitzeko sasoia dela ohartarazi zuen.