Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Mugak Zabalduz elkarteek ekimen bat abiatuko dute Euskal Herrira ekartzeko “baldintza oso ahuletan” dauden Greziako errefuxiatu kanpamenduetako haurrak. Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkartu dira, exijitzeko ume horiei berme eta babesa eman diezaieten, Ukrainatik etorritakoei egiten dieten gisan.
Greziako errefuxiatu esparruetan osasun-laguntzarik eta elikadura duinik gabe dauden “baldintza oso ahuleko” haurrak Euskal Herrira ekartzeko bidea egingo dute Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Mugak Zabalduz elkarteek, asteazkenean prentsaren aurrean jakinarazi dutenez. Euren helburua da “osasun-arazo larriak” dituzten umeei hemen arta egokia ematea, eta argitu dute Mugarik Gabeko Medikuen txostenak zein hango egoera ezagutzen duten lankideen laguntza izango dutela.
Baina hori ez denez nahikoa, zuzenean Nafarroako Parlamentuari eta Eusko Legebiltzarrari zuzendu zaizkie, eskakizun zehatzak egiteko, eta galdegin dute Ukrainako haurrekin hartzen diren erabakiak gainerako errefuxiatuentzat ere baliatzeko. Espainiako Barne Ministerioari ere helarazi diote eskakizunen dokumentua. Hiru eske nagusi egin dizkiete:
- Aldi baterako bizitoki baimena ematea salbuespenezko arrazoi humanitarioengatik.
- Giza korridoreak irekitzea, Sant ‘Egidioko Komunitatearen adibidea eredutzat izanda, besteak beste.
- Onartzea Atzerritarren Ezohiko Erregularizaziorako Legegintzako Herri Ekimena (sinadura bilketa fasean dago).
Elkarteek babestu egin dute Ukrainako gerratik ihesi datozen herritarrei asiloa emateko aktibatu duten zuzentaraua, eta haiei Europar Batasuneko herrialdeek “harrera duina” egitea ere bai. Gogorarazi dute estatu guztiek “inolako salbuespenik gabe” errespetatu eta bermatu behar dituztela migrazio-bideak, eta halaxe dioela Espainiako Estatuak 2018an sinatutako itunak.
Dena den, ohartarazi dute ez dutela betetzen: “Ez gatoz bat beste leku batzuetan (Siria, Afganistan, Irak, Kurdistan…) sortutako antzeko egoeretatik ihes egiten duten beste pertsona batzuei tratu ez-duina ematearekin”. Beraz, instituzioei eskatu diete ekimena aurrera eramateko babesa eta bermea eman diezaieten Greziatik ekarri nahi dituzten iheslariei.