argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Parlamentuak larunbateko Altsasuko manifestazio isila babestu du
  • Zazpi gazteen espetxeratzea “instrukzioaren garapenerako neurrigabea, justifikazio-gabea eta ez beharrezko” dela uste du

Guaixe .eus @guaixe 2016ko azaroaren 23a

Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak erakunde-adierazpena onartu du, zeinaren bidez Altsasun eta Nafarroa guztian bakearen eta elkarbizitzaren alde agertzen den. Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta I-Ek onartu dute testua. Idatziaren aurreneko puntua aho batez onartu da. UPNk eta PSNk 2, 3, 5, 6 eta 7 puntuen kontrako botoa eman dute eta PPk 2tik 7ra arteko puntuen kontra egin du.

Adierazpenak, lehen-lehenik, Nafarroako Parlamentuak Altsasun eta Nafarroa guztian bakearekiko eta bizikidetzarekiko duen konpromisoa adierazten du. Bigarrenean, Nafarroako Parlamentuak “epaileen erabakiak errespetatuta ere, ikertutakoak terrorismo delitu gisa kalifikatzearekin” ados ez dagoela adierazten du. Horregatik, Espainiako Auzitegi Nazionaleko 3. zenbakidun Instrukzio Epaitegiari, Nafarroako Lurralde Auzitegiari eta Fiskal Nagusiari auzia “berriz aztertzeko” eskatzen die, Iruñeko 3. zenbakidun Instrukzioko Epaitegira bueltatzea eskatuz, "harekin segitzeko eskuduna dela uste baitugu”.

Hirugarrenik, Nafarroako Parlamentuak atxiloketarekin eta behin-behinean jarritako kautelazko neurriekin desadostasuna azaldu du. 7 gazteen espetxeratzea “instrukzioaren garapenerako neurrigabea, justifikazio-gabea eta ez beharrezko” dela uste du, “are gehiago haietako batzuk borondatez aurkeztu zirenean eta ihes egiteko arriskurik ez dagoenean”. Horregatik, haien askatasuna eskatzen da”.

Parlamentuak Altsasuz eman den irudi “desitxuratuagatik” arbuioa azaldu du, “errealitatetik urrun, herri sozialki plurala eta desberdinen arteko elkarbizitzara ohituta baitago. Gertakarien aurrean altsasuarrek izandako jarreraren balioa aitortu du Parlamentuak. Aldi berean, erakundeak larunbateko manifestazio isilari babesa azaldu dio. Bestetik, Adingabeen Defendatzaileari eskatu dio auzian dauden bi adingabeen eskubideak errespetatuak izateko beharrezko neurri egokiak har ditzala. Azkenik, adierazpenean aipatutako erakunde guztiei adierazpena bidaltzea erabaki du.

Albiste hau Guaixek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra