argia.eus
INPRIMATU
Europako Parlamentuak Adimen Artifizialaren Legea onartu du
  • Parlamentuak asteazkenean onartu du adimen artifizialari buruzko legea, haien esanetan segurtasuna eta oinarrizko eskubideen errespetua bermatzen dituena, eta, aldi berean, berrikuntza bultzatzen duena.

Ainara Rodil Jaime 2024ko martxoaren 15

Araua 2023ko abenduan adostu zen estatu kideekin egindako negoziazioetan, eta orain parlamentuak babestu du aldeko 523 botorekin, kontrako 46rekin eta 49 abstentziorekin.

Haren helburua oinarrizko eskubideak, demokrazia, zuzenbide-estatua eta ingurumen-iraunkortasuna babestea da, "arrisku handia" dakarren adimen artifizialaren (AA) aurrean. Legeak zenbait betebehar ezartzen dizkio AAri, izan ditzakeen arriskuen eta eragin-mailaren arabera.

Arau berriak debekatu egiten du herritarren eskubideen aurka egiten duten adimen artifizialeko zenbait aplikazio, hala nola ezaugarri sentikorretan oinarritutako kategorizazio biometrikoko sistemak eta Interneteko aurpegi-irudiak edo aurpegia ezagutzeko datu-baseak sortzeko zaintza-kameren grabazioak bereizi gabe atzematea. Debekatuta egongo da, halaber, lantokian eta eskoletan emozioak antzematea, herritarren puntuazio-sistemak, Polizia-jarduera prediktiboa (pertsona baten profilean edo haren ezaugarrien ebaluazioan soilik oinarritzen denean) eta giza portaera manipulatzen duen edo pertsonen kalteberatasunak ustiatzen dituen AA.

Segurtasun-indarrek debekatuta dute a priori identifikazio biometrikoko sistemak erabiltzea, oso egoera zehatzetan eta ondo definitutakoetan izan ezik. Identifikazio biometrikoko sistemak "denbora errealean" soilik erabili ahal izango dira babes zorrotz batzuk betetzen badira; adibidez, horien erabilera aldi eta leku jakin batera mugatzen bada, eta aurretiazko baimen judiziala edo administratiboa badu. Kasu horien artean egon daitezke desagertutako pertsona baten bilaketa selektiboa edo "atentatu terrorista baten prebentzioa". Sistema horiek a posteriori erabiltzea arrisku handiko erabileratzat jotzen da, eta epailearen baimena behar du, delitu penal bati lotuta dagoelako.