Kataluniako Auzitegi Nagusiak maiatzean zehar deklaratzeko deialdia igorri die Parlamenteko mahaiko bost kideri: Carme Forcadell presidentea, Ramona Barrufet, Lluis Corominas, Joan Josep Nuet eta Anna Simó. Espainiako Konstituzio Auzitegiaren agindu bat bete ez izana da deialdiaren arrazoia.
Kataluniako Parlamentuan independentziari buruzko ebazpen bi bozkatzen uztea leporatzen zaie mahaiko bost kideei. Forcadell, Barrufet, Corominas eta Simóren kasuan, fiskaltzaren kereila bati men eginez igorri die deialdia Auzitegi Nagusiko Maria Eugènia Alegret epaileak. Nuet, berriz, ez zegoen kereilaren barruan, fiskalaren ustez ez baitzuen izan desobeditzeko asmorik, baina epaileak deitzea erabaki du hala ere.
Deialdia ezagutu bezain laster, Carme Forcadell presidenteak Twitter bidez adierazi du Parlamenteko Mahaia eztabaida sustatzearen eta ez murriztearen alde dagoela, eta halaxe jarraituko duela aurrerantzean ere.