argia.eus
INPRIMATU
Parke eolikoen kontrako martxa antolatu du Gipuzkoako Mendiak Aske taldeak, urriaren 12an
  • Bergarako Elosua auzora ibilaldia egingo dute, hainbat herritatik abiatuta, Gipuzkoan azkenaldian ezagutarazi diren zentral eolikoen kontrako euren jarrera azaldu eta "gizarte gogoeta bateratua" eskatzeko.

ARGIA @argia 2022ko urriaren 10
Hainbat zentral eoliko eraikitzeko asmoa erakutsi dute kanpoko enpresek Gipuzkoan (argazkia: EiTB)

Urriaren 12an, mendiz mendi Bergarako Elosuara joateko deialdia egin du Gipuzkoako Mendiak Aske taldeak, parke eolikoen proiektuen kontra daudela adierazteko.

Green Capital, Statkraft eta antzeko enpresak "tantaka" ari dira ezagutarazten Gipuzkoako hainbat udalerritan eolikoak jartzeko proiektuak, eta horren aurrean, azaldu dutenez, "erritmo berean sortzen ari dira bertako mendietako ondare naturala, arkeologikoa, geologikoa, historikoa, paisajistikoa eta espirituala, zein inguruetako baserrietako eta herrietako biztanleak, haien bizitokia, haien osasuna eta jardun ekonomikoa –bereziki nekazari jarduerari lotutakoa– babesteko taldeak edo plataformak".

Gipuzkoako Mendiak Aske herri askotako taldeek osatzen dute, hala nola Azkoitia, Azpeitia, Bergara, Elgoibar, Soraluze, Urretxu eta Zumarraga, Zizurkil, Usurbil eta Zestoakoek. Ohar bidez azaldu duenez "aurkeztu diren proiektu eolikoen lehentasuna ez da Gipuzkoako herritarron beharrak eta ongizatea bermatzea, baizik eta asetzea enpresa handiek dituzten nahiak". Hala, munduko beste hainbat tokitako "eredu bera errepikatzen" dela ziurtatu du.

Krisi energetikoa ez ezik, "eredu krisi bat" bizi dugula dio Gipuzkoako Mendiak Askek, eta horren aurrean "gizarte gogoeta bateratu eta integrala" eskatu du, "eta horren ondoren, zentzuzko planifikazioa".

Asteazkenean 12:30ean jarri dute hitzordua Elosuan, gero agerraldi kolektiboa egingo dute eta bazkaltzeko parada izango dute bertaratuek.