argia.eus
INPRIMATU
Parisko sarraskien ondotik, Frantziako Estatua ixuri itsusian lerratzen ari ote?
  • Mundu guzia Frantziari eta Parisko hiriari begira dago azken denbora hauetan. Bazterrak harriturik utzi ditu azaroaren 13 gauan gertatu zen sarraskiak. Adin gordineko hainbeste gizon ala emazte gazte hilik edo larriki zauriturik izan zen. Erokeria beroaren ondorio gordina han gertatu zena. Eta hiritar eta herritar askoren gau egunak aments gaixtoz gainezka izan ziren, nolaz ez.

Mikel Hiribarren @syndicatELB 2015eko abenduaren 10a
Parisen polizia COP21ra joandako militanteak erasotzen. (Argazkia: Climate Matters)

Oi bazekiten paristarrek horrelakoak gertatzen direla noiznahi munduko leku askotan. Gerla gunetan bereziki, telebista leihoak egun bakotx erakusten ditu sukaldetan arma tiroketa, bonba leherketa, eta haur ala gazten heriotz bortitzak. Beste zerbait da gertatzen zaizularik etxetik bi urratsetan, alaba edo semearen lagun bat han gertatu delarik ustegabeko zepoan.

Kexu gelditu da frantses asko azaroko gertakari horietarik landa. Hobendunak erakutsi dira berehala: beltzak, moroak eta besteak... Ez gaitu baitezpada horrek harritu. Gizarte balentri untzi hunen zati bat aserrearen eta arrazakeriaren ixuri itsusian lerratzen ari da.

Bitxiago iduritu zaigu hainbeste herritar beldurturik gelditzea, mututurik, gobernuak berehala ezarri zuen larrialdi giroak itzaturik. Denek onartuko zuten egun batzuez neurriak zorroztea, xuxen ikusi arte nolako mehatxuak zauden oraino dilindan. Nolaz onartzen dute haatik denek hiru ilabetez iraunen duen lege berezi hori, elgarretaratzeak debekatzen dituena, etxetan egunaz bezala gauaz polizari sartzen aizu uzten duena, ibiltzetik debekatzen duena begitan hartua den militante kartsu asko? Bazen nahiko lege onarturik azken urte eta ilabetetan egitate bortitzetarik zaintzeko!

Estakurua eskurat jin zaie nahi bezala frantses gobernukoei. Eskualdetako bozkak hor ziren eta parada ezin hobea erakusteko boterean zirenek ere bazutela larderia, ez zela arrazoinik eskuin muturrekoen bila joateko. Klimaren elgarretaratze ospetsua hortxe bete betean, bere mundu osoko gobernu ordezkarien ziminokeria guziekin; neurri zorrotz horien bertutez atxikitzen ahalko ziren geldirik eta ixilik klimaren beroketa menperatzeko sistema osoa aldatzea eskatzen dutenak.

Hortxe dago Parise eta Frantziako jendartea, Bataclan gelan etzanik egon balego bezala, xutitzerat ezin menturatuz, motel eta uzkur.