argia.eus
INPRIMATU
Parisko poliziaburuaren aurkako barne-kritikak zabaldu dira
  • CRS eta jendarmeen barne-oharretan kritikatua izan da Didier Lallement buruzagiaren gestioa. Bere praktikak “legalki zalantzagarriak eta politikoki kaltegarriak” direla diote.

Mikel Eizagirre 2020ko ekainaren 16a
Didier Lallement Parisko Poliziaburua. Argazkia: Ludovic Marin Argazkia: Ludovic Marin

Franceinfo hedabidearen arabera, Didier Lallement Parisko poliziaburuaren aurkako kritikak zabaltzen ari dira poliziaren baitan. Martxoaren 7an Mediapartek argitaratu zuen “ordenaren mantenurako egindako kudeaketa” zalantzan jartzen zela Jendarmeriaren eta CRSren barne-oharretan. Goi funtzionarioek honela epaitu dituzte prefetaren praktikak: "Legalki zalantzagarriak eta politikoki kaltegarriak dira". Horrez gain, “legearen eta indarrean dauden erregulazioen aurkakoak" direla ere ondorioztatu dute ikerketa argitaratu den webgunean.

2019ko irailean idatzitako agiri batean azaltzen omen denez, Jaka Horien inguruan mintzatzeko bilera bat antolatu zuten Prefakturan, mobilizazio egun baten bezperan. "Argi dago taldeek inpaktua behar dutela", azaldu zuten operazioetan parte hartzen ari diren Jendarmeriako funtzionarioek. Mediaparten arabera, honela deskribatzen dituzte aginduok: "CSIaren (Barne Segurtasun Kodea) L 211-9 eta R 211-13 artikuluetako xedapenen borondatezko indargabetzea". Artikuluon arabera, “indarraren erabilera behar absolutura mugatuko da” eta “erabilitako indarrak geldituko den desordenarekiko proportzionala” izan behar du.

Jardun polizialean zehar, ordea, "indarraren erabilera neurrigabea" ikusi dela baieztatzen du agiriak. "Hainbat alditan, Polizia Prefakturak konfinamendu-maniobrak agindu zituen, aurkaria ahultzeko", idatzi zuten. Manifestariak inguratu eta giltzapean sartzean datza irizpide hori. Hala ere, "ihesbide bat" uztearen beharra azpimarratu dute. Izan ere, jendarmeen ustez, litekeena da teknika horrek "masa mugimendu arriskutsuak sortzea".

Mediaparten arabera, Jendarmeriaren beste dokumentu batek praktika hori salatzen du. 2019ko urriaren 15ean suhiltzaileak Parisen mobilizatu ostean jazo zen esku-hartze poliziala, eta Jendarmeriako eskuadroi mugikor baten ardurapean zegoen kapitain batek prefetaren aginduak desobeditzea erabaki zuen bertan. Concorde zubian konfinatu beharrean "istripu bat saihesteko manifestariak metroan eskoltatzea" ebatzi zuen.

CRS unitate baten baitako beste idazki batek Brav motozikletadun polizia-brigadei emandako aginduak aipatzen ditu. "Dagoeneko zanbagaitzak dira Polizia Prefakturaren gaseamenduak", idatzi zuen polizia Ofizial batek CRSren barne-mezu batean, Jaka Horiek Parisen 2020ko urtarrilaren 18an egin zuten mobilizazioaren ostean. Mediapartek zabaldutako mezu horren arabera, "Black Block delakoak ez ziren izutu. Brav unitatea esku hartzen hasi zenean desegin ziren". Gare de Lyoneko manifestazioaren amaieran "Brav-ak jende-pilaketaruntz korrika hasi ziren”. CRS-k harrigarritzat jo du konfrontaziorik egon ez den unean modu horretan jokatzea.