Parisko udalbatzak aho batez onartu du Euskal Herriko bake prozesua babestea abenduaren 9ko manifestazioaren atarian.
Jérôme Gleizes zinegotzi ekologistak, Front de Gaucheko Nicolas Bonnet-Oolaldj eta Raphaëlle Primetek proposatu dute gaia udalbatzan bozkatzea eta aho batez onartu da mozioa.
Le voeu de soutien au rassemblement de soutien au processus de paix au Pays-Basque du 9 décembre est voté à l'unanimité au #ConseilDeParis cc @Artisans_Paix
— Jérôme Gleizes (@JGleizes) 2017(e)ko azaroak 22
Onartutako testuan Euskal Herriko bake prozesuaren azken urteetako momentu garrantzitsuenak aipatzen dira, hala nola, Aieteko adierazpena eta aurtengo apirilaren 8an Bakearen Artisauek bultzatuta egindako ETAren armagabetze ekitaldia.
Dokumentuak azpimarratu du prozesu horretan nazioarteko figurek izan duten garrantzia, Koffi Annan Bakearen Nobel saridunak, Michel Tubiana Giza Eskubideen Ligako presidente ohiak edo Harold Good apaiz irlandarrak, besteak beste.
Gainera, espresuki aipatzen da abenduaren 9an Parisen deitu duten manifestazioa, bake prozesuari sostengua adierazteko; baita helburu horren alde lanean ari diren eragile sozial eta politikoak ere.