argia.eus
INPRIMATU
Parisko Dei Auzitegiak onartu egin du Herguetaren kasuari lotutako Urrutikoetxearen estradizio eskaera
  • Luis Herguetaren hilketaren harira, estradizio eskaera du egina Espainiako Gobernuak Josu Urrutikoetxearen aurka. Parisko Dei Auzitegiak onartu egin du, eta defentsak Kasazio Auzitegian helegitea jarriko du.

ARGIA @argia 2021eko urtarrilaren 07a

Frantziako Dei Auzitegiak onartu egin du Espainiako Gobernuak Josu Urrutikoetxeari Luis Herguetaren hilketagatik jarritako estradizio eskaera. Dei Auzitegiko epaileak eztabaida berriz hartzea erabaki zuen azaroaren 19an, prozedura akats bat medio.

Defentsak hainbatetan argudiatu du hilketa hori ETA pm-k hartu zuela bere gain, eta Urrutikoetxea inoiz ez dela berorren parte izan, ETA m-koa baizik. Horrez gain, data aldetik ere, auzipetzeak eta gobernuaren eskaerak ez direla zuzenak salatu dute defentsa abokatuek, adieraziz auzia preskribatua zegoela. Epaileek, baina, ez dute ontzat eman argudioa.

Frantziako Dei Auzitegiak estradizio eskaera ontzat eman ondotik, defentsak Kasazio Auzitegira joko du helegitea jartzera. Honek ere aldeko postura agertuz gero, Frantziako Gobernuak izanen du azken hitza.