argia.eus
INPRIMATU
Bake prozesua desblokeatzeko saioa Parisko Asanblea Nazionalean
  • Parisko Bake Konferentzia hasi da Frantziako Asanblea Nazionaleko Victor Hugo aretoan. Goiz osoan zehar hainbat ekitaldi izango dira bertan euskal gatazka aztertu eta berau era ordenatuan bukatzeko eskatzeko.

ARGIA @argia 2015eko ekainaren 11
Preso ohiak eta Brian Currin giza eskubideez aritu dira (Arg: Paul Rios)

Bake Bidean elkartea da konferentziaren antolatzailea, baina Frantziako eta nazioarte mailako erakunde garrantzitsuak ditu laguntzaile zeregin horretan, besteak beste, Frantziako Giza Eskubideen aldeko Liga (LDH), Harremanetarako Nazioarteko Taldea (NTD) eta Euskal Herriko bakearen aldeko Foro Soziala.

Eskuin muturra izan ezik, Frantziako alderdien esparru osoa ordezkatua dago Bake Konferentzian eta nazioarteko pertsona ezagun ugari ari dira parte-hartzen bertan, besteak beste Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohia, Brian Currin bitartekari hegoafrikarra, Michel Tubiana LDHko ohorezko lehendakaria, Gerry Kelly (Sinn Fein) edo Interpoleko idazkari nagusi ohi Raymond Kendall.

Goizeko 9:30ean hasi den ekitaldian Euskal Herriko bake prozesuaren jatorria eta azterketa egingo dute Pierre Joxe Frantziako Barne Ministro ohiak abiarazitako aurkezpenarekin. Ondoren, 10:15ean biktimek bake prozesuetan duten lekua jorratuko dute Pierre Hazan (NTD) Brandon Hamber (Hegoafrika), Roberto Manrique 1987ko Hipercorreko atentatuan zauritua izan zenak eta Axun Lasa GALek bahitu, torturatu eta hildako Joxean Lasaren arrebak.

11:00etako hitzaldian presoek bake prozesuetan duten rola aztertuko dute Raymon Kendal, Gerry Kelly preso ohi, Gabi Mouesca IK-ko euskal preso ohi eta Brian Currinek.

Itxiera ekitaldia 12:30ean egingo du Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohiak. Ez zaie eskaera zehatzik egingo Espainia eta Frantziako Gobernuei, ezta ETAri ere, baina konferentziak eskatuko du urratsak eman daitezen euskal bake prozesuan, bereziki armagabetzea eta presoen gaietan. 2011ko urrian Donostian egin zen bake konferentziaren ondoren hau da nazioarte mailan bake prozesuaren alde egiten den ekitaldirik garrantzitsuena.

Hedabideetan aipatu izan da konferentziaren ondorengo egunetan ETAk keinu garrantzitsuren bat egin dezakeela armagabetzearen esparruan. Ekainaren 5ean kaleratutako agirian erakunde armatuak gogor salatu zuen maiatzaren 28an Miarritzen egindako polizi operazioa eta armagabetze prozesuaren aurkako eraso zuzentzat jo zuen. Frantziako poliziak armak atzeman zituen Miarritzeko etxebizitza batean eta Nathalie Chasseriaux eta Enrike Lopez atxilotu zituen operazioan.