argia.eus
INPRIMATU
Parisko atentatuen kontrako manifestazio historikoaren ostean, badator kontrol soziala
  • Urtarrilaren 11n manifestazio historikoa izan zen Parisen, Charlie Hebdoren aurkako atentatua eta ondorengo egunetako gertakariak salatzeko: 1,5 milioi lagun batu ziren Frantziako hiriburuan eta Estatu osoan berriz 4 milioi.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2015eko urtarrilaren 12a
Entzuketak zorroztea eta preso islamisten bakartzea iragarri ditu Manuel Vallsek atentatuei erantzun gisa.

(1,5 milioi lagunek egin zuten bat igandean Parisen deitutako manifestazioarekin)

(Manifestarietako bat, arkatz bat eskuan duela, hildako marrazkilariekin elkartasunez).

Le Monderen arabera, II. Mundu Gerraz geroztik egin den “manifestazio errepublikar” handiena izan da.

Mundu osoko agintariek parte hartu dute martxan, Barack Obama AEBetako presidentearen hutsunearekin. Obamak iragarri du aste honetan izango dela Parisen, bere herrialdearen “elkartasuna” adierazteko.

Kontrol sozial handiagoa iragarri du Vallsek

Bien bitartean, Frantziako Gobernuak neurri bereziak iragarri ditu: 10.000 militar mobilizatuko dituzte asteartetik “lurraldearen puntu ahulen” segurtasuna “bermatzeko”.

Sinagogak eta eskola juduak ere babestuko dituztela iragarri dute, baita jazarpen neurri “hobetuak” aplikatuko dituztela ere.

Manuel Valls lehen ministroak BFM telebista katean esan duenaren arabera, entzuketa sistemak zorroztuko dituzte eta preso islamista erradikalen isolamendua orokortuko dute kartzeletan.

Horrekin batera, Interneteko komunikazioak estuago zaintzeko neurriak ere iradoki ditu Vallsek, sarean “gorrotozko hitz ikaragarriak” aurki daitezkeela esan duenean.