argia.eus
INPRIMATU
Parisen kanpatu berri zuten migratzaileak bortizki bota ditu poliziak
  • Migratzaileek Paris kanpoaldean zuten kanpalekua hustu zuen poliziak joan den astean eta aterperik ezean, Paris erdigunean dagoen Errepublikaren Plazan kanpalekua ezarri zuten astelehenean 400 bat lagunek. Ikuskizun tamalgarritzat eta errepresiotzat jo du askok gau horretan bertan gertaturikoa: poliziak bortizki bota ditu migratzaileak, indarrez eta negar-gasa erabiliz.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko azaroaren 24a
France Info

Leku publikoa okupatzen ari zirela argudiatuz, poliziak Parisko Errepublikaren Plaza hustu du astelehen gauean, irudi gogorrak utziz. “Eskandalua da, esku-hartze guztiz desproportzionatua eta onartezina. Jendea modu baketsuan eta inongo arriskurik sortu gabe ari zen plaza okupatzen, aterperik ez dutelako, ez zaielako aterperako alternatibarik eman, eta horren ordez errepresio polizialera jo dute”, salatu du CFDT sindikatu frantziarreko idazkari nagusiak. Hainbat alderdi politikok ere kritikatu du gertaturikoa, iritzita demokraziatik baino gertuago daudela irudi horiek erregimen autoritario eta polizial batetik.

Eta grabatuta ez balego?

CFDT sindikatuak aprobetxatu du nabarmentzeko Frantziako Gobernuak lege berria atera nahi duela, kazetariei debekatuz poliziaren indarkeriaren berri ematea. “Lege hori dagoeneko indarrean balitz, irudi hauek ezingo genituzke ikusi, ez genuke ikusiko nola tratatzen dituzten migratzaileak”. Herritarren kontrola eta bijilantzia areagotzea helburu duen legea dela salatu du idazkari nagusiak.

Hainbat hedabidek jaso du iruditan gertaturikoa.