argia.eus
INPRIMATU
Parisen izandako bakegile taldea, egindako bilerekin baikor
  • Bake prozesuaren berri eman eta euskal presoen aferan urratsak ematea izan du helburu Parisera joandako euskal ordezkaritzak, eta izandako zortzi bilkuren balorazio "baikorra" egin du.

Itsaso Zubiria Etxeberria 2017ko uztailaren 11
Euskal ordezkaritza France Insoumise alderdiko Eric Coquerel eta Michel Larive parlamentariekin (Arg.: Bake Bidea).

Botere exekutibo eta legegilearekin bezala giza eskubideen inguruan lan egiten duten erakunde independenteekin bildu da Euskal Herritik joandako bakegile taldea, presoen gaian berehalako pausoak eskatzeko. Bilkuren ondotik eskainitako prentsaurrekoan Txetx Etxeberri bakegileak adierazi du "oso harrera ona" izan dutela, ez dutela biltzeko ezezkorik jaso, eta zenbaiten kasuan bidea egiten hasteko asmoa dagoela. 

Azken ordukoak izan dira hitzorduak eta horrek zaildu egin ditu bilkura batzuk agenda arazoak medio, baina esaterako Frantzia Intsumisoko edo Alderdi Komunistako kideekin elkartzeko aukera izan dute. Abenduaren 9an Parisen egitekoa den manifestazioa antolatzeko irailean egingo den bilerara joateko asmoa azaldu dute biek. 

Horrez gain, Justizia ministroaren kabineteburuarekin ere elkartu dira euskal ordezkariak. Ondorengo asteetan elkarrekin bideari ekingo diotela adierazi dute, eta emandako pauso horrek jarraipena izango duela.

Baraualdia Hiriburun

Bitartean, lau gaztek konponbidearen aldeko baraualdian jarraitzen dute Hiriburun, 'Konponbide gosez' deituriko ekimena. "Baikor" daude horiek ere Koldo Etxegarai baraualdiko kidearen hitzetan. 30-40 lagun egon dira orain arte egunero, antolatutako hitzaldi eta ekintzetan parte hartzen. Gehienak gazteak. Eragile eta alderdien babesa ere jasotzen ari dira. Bakegileez gain, Martine Bouchet CADE elkarteko kidea eta EIPK iheslarien kolektiboko kideak gerturatu dira azken egunotan eurengana, Bizi! mugimenduko zenbait kidek 24 orduko baraualdia egin dute lau gazteekin batera, eta hainbat hautetsiren bisita espero dute.