argia.eus
INPRIMATU
Parisen Covid-19 gaixo bat artatu zuten abenduaren 27an, lehen kasu ofiziala baino hilabete lehenago
  • Italiako iparraldeko zenbait medikuk aspaldi zabaldua zuten beren eskualdean koronabirusa ofizialki azaldu baino lehenago ba ote zebilen susmoa, halako neumonia oso gogor eta berezi bat aurkitua zutelako hainbat gaixoren artean. Orain Pariseko ospitale bateko erreanimazio buruak berretsi du froga eta guzti Frantzian abenduaren 27an gutxienez gaixo bat artatu zutela koronabirursa edukitzeagatik.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 05a
Yves Cohen doktorea maiatzaren 4an telebistan hizketan.

Paris metropolitanoko Bovigny hiriko Avicenne eta Jean Verdier ospitaleetan erreanimazio burua den Yves Cohen doktoreak esan duenez, abendutik kurtarrila bitartean klinika horietan artatu zituzten 24 gaixoren laginak aztertu dituzte geroztik, denek eman dute negatibo baina 27an bati hartutako lagin batek Covid-19arekiko positibo eman du. Lagin bakoitza behin baino gehiagotan testeatu dute, frogan akatsik egon ez dela ziurtatzeko.

Kontua da Frantziako lehen koronabirus kasu ofizialak urtarrilaren 24an deklaratu zirela, hilabete beranduago, bata Parisen eta bestea Bordelen. Oraingo aurkikuntza honek auspo berria eman dio Covid-19 izurriaren jatorriari eta agertzearen kronologiari buruz lehendik zetorren zalantzari: Italiako hainbat medikuk aipatua zuten iazko udazkenetik arituak zirela neumonia oso bortitzak tratatzen, geroztik koronabirusaren sintomekin lotu dituztenak, nahiaz eta frogarik gabe.

Cohen doktoreak aipatutako gaixo paristar horrek onik gainditu zuen koronabirusa, 15 egunez eri egon ostean. Bere bi haur kutsatu omen zituen, ez ordea bere emaztea, supermerkatu batean langile ari dena. Gizona harritu omen da bere kasuak positibo eman duela esan diotenean, ezin ulertuz nola kutsatu ahal izan zen, ez baitzuen bidairik egin inora.

Medikuen susmoa da emaztea izan ote zitekeen kutsatu asintomatikoa, familiako besteak kutsatu zituena. Emaztea udazkenean lanean ari zen shushia saltzen duten txinatar jatorriko bi pertsonaren ondoan eta agian hari horri jarraituko diote orain agintariek, Frantzian lehenbiziko kasua izan zen 'zero gaixoa' delakoaren bila baitabiltza.

Yves Cohen doktoreak Reuters agentziari esan dionez, "neumonia kasuetan PCR testetan negatibo eman duten kasu guztiak berriro testeatu beharra dago. Ziurrenik birusa lehenagotik bazebilen hemendik zehar".