argia.eus
INPRIMATU
Parisen, bidegorrien erabilera bikoiztu egin da urtebetean
  • COVID-19aren pandemiaz geroztik bizikleta gero eta gehiago dabil Parisko bidegorrietan. Trafiko gehien dagoen momentuetan, hiriburuko kale garrantzitsuenetako batzuetan bizikleta gehiago dabil autoak baino,  Pierre Breteau kazetariak Le Monde egunkarian jasotako grafikoetan ikus daitekeenez.

Jon Torner Zabala @jtorner 2023ko azaroaren 21
Argazkia: Emilie Chaix / Ville de Paris

Goranzko joera 2019an hasi zen –garraio publikoaren sektoreko grebak tarteko–, eta konfinamendu ondorengo urteetan ere berean mantendu da."Bagenekien bizikletaren erabilera moda hutsetik harago zihoala", adierazi du udaleko mugikortasun arduradun David Belliard-ek. "Azken asteetan eguraldiak txarrera egin duen arren Parisen, bidegorrien erabilerak gora egin du". Bidegorri-sarea handitu eta seguruagoak egitea funtsezkoa izan da, baita bizikletentzako aparkalekuak eta bestelako azpiegiturak jartzea ere. Izan ere, garraiobidea edozein delarik ere, erabilera hazi egiten da azpiegiturak hobetu edo berriak sortzen direnean.

Trafiko gehien dagoen uneetan errepideak saturatu egiten dira, ez ordea bidegorriak –nahiz eta autoak baino bizikleta gehiago ibili–, bigarren hauek espazio txikiagoa okupatzen dutelako. Bizikleta batek gutxi gorabehera 1,5 metro koadro behar du pertsona bat garraiatzeko, auto askok baino bost bider gutxiago (gehien saltzen den SUV autoak, Peugeot 2008ak, 7,5 metro koadro behar ditu). Zentzu horretan, Parisko kaleetan dabiltzan autoen okupazio-maila 1,1 pertsonakoa da batez-beste.

Hainbat datu bildu du kazetariak erreportajean. Esaterako, 2021eko datuek erakusten dutenez –emaitza berriagoak ez dira plazaratu oraindik–,  bidaien %5,6 egiten da bizikletaz Parisen, eta %9 autoan –2001ean %50 inguru egiten zenean–.

 

>> Gaiaz informazio gehiago, urriko Larrun aldizkarian: Mugikortasun jasangarria. Bestelako hiri-ereduaren aldeko pedalkadak.