argia.eus
INPRIMATU
Parisek Seaskako ikasleen azterketak “bahitu” ditu, euskaldunak ez diren irakasleek zuzendu ditzaten
  • Donibane Lohizuneko, Hazparneko eta Mauleko zentroetatik ikasleen brebeta azterketak eraman dituzte Hezkuntza Ministerioko ordezkariek. Bordelera eraman dituzte jarraian. Guraso, ikasle eta irakasleak mobilizazioak hasi dituzte.

ARGIA @argia 2019ko uztailaren 04a
Brebeta euskaraz egiteko eskubide aldarrikatzeko aurreko mobilizazio bat. Argazkia: Seaska.eus

Frantziako Gobernuko ordezkariak Donibane Lohizuneko Ikuskaritza zentroan agertu dira lehenik. Han bilduak ziren, hain zuzen ere, hainbat ikasle, irakasle eta guraso, brebeta euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko. Ondoren, Hazparne eta Mauleko zentroetakoak ere hartu, eta Bordelera eraman dituzte denak.

Brebeta kolegio amaierako proba da. Hiru zatietatik bi euskaraz egin daitezke legearen arabera, baina zientziari dagokiona ez. Euskaraz egitea erabaki dute, hala ere. Iaz antzeko egoera eman zen. Orduan 180 ikasleren azterketak Pauera eraman zituzten Ministerioko ordezkariek.

Euskara, ondare edo "hondar"?

Edurne Manterola Ziburuko Piarres Larzabal kolegioko zuzendariak erabakia politikoa dela salatu du, orain dela bi urte zuzenduak izan baitziren azterketak. Twitter bidez adierazi da Larzabal kolegioa bera: "Gaurko berri txarra: brebetako gure ikasleen zientzietako kopiak bahituak eta Bordelera eramanak izan dira. Eta ez ditu euskaldun irakasle batek zuzenduko... euskara ondare gisa tratatua izan beharrean, hondar gisa..."

Guraso, ikasle eta irakasleak kontzentrazioak egin dituzte jazoeraren aurrean. Mobilizazioak deitu dituzte ere arratsalderako