argia.eus
INPRIMATU
Parisek hiriguneko trafikoa debekatu nahi du 2022rako
  • Parisko Udalak "drastikoki" murriztu nahi du hiriguneko trafikoa 2022rako, oinezkoen, bizikleten eta garraio publikoaren joan-etorriak erraztuz eta ibilgailu pribatuen pasabidea mugatuz.

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko maiatzaren 14a
Argazkia: daxtell

Parisen 2022rako auto-zirkulazioa zorrotz murrizteko plana aurkeztu du udalak. Erdialdeko lau barrutietan trafikoa debekatuko dute eta lehentasuna emango diete txirrindulariei, oinezkoei eta garraio publikoari. Hiri-eremu berdeago eta seguruagoa sortuko dela uste du udalak. 

David Belliar garraio eta mugikortasuneko delegatuak sare sozialen bidez azaldu duenez, "Parisek trafikoa murriztu nahi badu ere, kontua ez da trafikoa osorik kentzea. Bizilagunek, mugikortasun urriko pertsonek, taxiek eta auzoko merkatariek sartzen jarraitu ahal izango dute ".

Zirkulazio mugatuko eremu horrek –2022ko lehen seihilekoan aplikatuko denak– ahalbidetuko luke zarata murriztea, berdeguneetarako espazioa berreskuratzea eta kutsaduraren aurka borrokatzea udalaren hitzetan. 180.000 auto ibiltzen dira egunero, han bizi direnen kopurua baino hamar aldiz gehiago. 

Anne Hidalgo alkatearen agindupean nabarmen murriztu da zirkulazioa, hiriburuaren eremu nagusietan bidegorriak zabalduz eta kale horietako batzuk autoentzat itxiz, baita Senako kaiak ere. Aurten amaituko dute hiritarrekin eta merkatariekin egingo duten kontsulta, planaren nondik norakoak zehazteko.