argia.eus
INPRIMATU
Parisek ez du onartu Ibon Fernandez Iradi gaixo larri dagoen presoari zigorra etetea
  • Zigorrak Ezartzeko Frantziako Ganberak gaur ebatzi du gaixo larri dagoen euskal presoaren inguruan jarritako helegitea eta ez du onartu zigorra etetea.

2020ko otsailaren 27a
Fernandez Iradiren askatasuna eskatzeko ekintza egin dute Baionako justizia jauregiaren aurrean.

Esklerosi anizkoitza duen Ibon Fernandez Iradi preso lasartearra espetxean mantentzearen alde egin du beste behin Frantziako Justiziak. Duela bederatzi urte diagnostikatu zioten gaitza eta gaixo larri dagoen arren, fiskalaren eraginpean behin eta berriz bota dute atzera aske uzteko eskaera.

2019ko azaroan epaileak defentsaren argudioak onartu zituen, baina fiskalak helegitea jarri zuen eta Zigorrak Ezartzeko Frantziako Ganberak ostegun honetan ebatzi du euskal presoaren zigorra ez etetea. Defentsak argudiatu du ezinezkoa dela bere eritasuna espetxean artatzea.

Bake Bideak-entzako "eskandalagarria" izaten ari da Lannemezanen preso daukaten Fernandez Iradi jasaten ari dena eta gaurko erabakia ere bide horretan doa. Honakoa adierazi du Bake Bidea-k agiri bidez: "Garaia da frantziako zigor aplikaziorako ganberako epaileek baita parketeak ere jokamoldez aldatzeko eta Euskal Herriko bake prozesua kontutan hartzeko". Ostegun goizean ekintza sinbolikoa egin dute erakunde horretako eta bakearen artisauetako kideek Baionako auzitegiaren aurrean, anbulantzia eta guzti:

Fernandez Iradik hamasei urte darama preso, denbora horren erdia baina gehiago gaixotasun larri batekin eraman du. Urte luze hauetan mediku txostenen gerra bat izan da epaileek eta Fiskaltzak bultzatuta, eta bere egoera luzatzen eta okertzen joan da.

Zigorrak Ezartzeko Ganberak 2016an bota zuen lehen aldiz atzera zigor etete eskaera, baina epai horri helegitea jarri zioten senideek eta prozesua gaur arte luzatu da.