ETAren armagabetzea bideratzeko, bakegileekin lankidetzan aritu ziren Frantziako autoritateak. Hala adierazi du Matthias Fekl Barne ministro ohiak asteartean, Parisko Zigor Auzitegiko 16. ganberan, Beatrice Molle-Haran eta Jean-Noël Txetx Etcheverry-ren aurka egiten ari diren epaiketan. Éric Morvan Pirinio Atlantikoetako prefeta izandakoak, bere aldetik, bakegileekin zuen "konfiantzazko harremana" nabarmendu du.
ETAren armagabetzearen eta Luhusuko operazioaren harira Parisen egiten ari diren epaiketan, astearte arratsaldean hainbat lekuko esanguratsuk hitz egin du, tartean Matthias Fekl Barne ministro ohiak eta Éric Morvan Pirinio Atlantikoetako prefeta ohiak.
Biek ala biek azpimarratu dute Frantziako Gobernuak jarrera aldaketa izan zuela 2017ko apirileko armagebetzearen aurrean, eta "isileko" akordio bat egon zela argitu dute: Frantziako aginteen "kooperazioa" eta bermea izan zuen armagabetzeak.
Feklen esanetan, bakegileekin "lankidetza hertsia" izan zen: "Frantziako Legeak ez du baimentzen halako armagabetze prozesu bat aitzina eraman ahal izatea. Baina bi aldeen borondatearekin, eta autoritateen erabakiz, neurri handiko operazio hori gauzatu ahal izan zen, inori kalterik eragin gabe", azaldu du, Berria egunkariko berriemaile berezi Ekhi Erremundegik jaso duenez.
Morvanek bakegileekin zuen "konfiantzazko harremana" nabarmendu du, batez ere Mixel Berhokoirigoinekin Euskal Herriko Laborantza Ganbararen sorreraren harira izandakoa: "Anitz markatu ninduen gizon bat izan zen, zituen konbikzioengatik". Halako harremanek bultzatuta jo zuen Bernard Cazeneuve lehen ministroarengana, baita prokuradorearengana ere, operazioak Parisko agintarien eta fiskaltzaren bermea izan zezan.
Horrez gain Jean René Etchegaray Baionako auzapeza, Kotte Ecenarro Hendaiako auzapeza, Sylviane Alaux PSko diputatu ohia eta Jean Pierre Massias Unibertsitate irakaslea izan dira lekuko gisa deklaratzen, "euskal jendartearen aniztasunaren erakusle Pariseko Auzitegian", Bake Bidea elkarteak ohar bidez azaldu duenez.
"Nola da posible hainbeste urtez deus ez egitea?"
Haien aurretik Mollek eta Etcheverryk deklaratu dute epailearen aurrean. Azken helburua ETAren armagabetzea izan zela defendatu eta berretsi dute.
Etcheverryk azaldu du aukera izango balu berriro egingo lukeela Luhusoko operazioa eta prokuradorearen etengabeko galderei erantzun die: "Erasotzen nauzu, baina beste metodo batzuk posible balira, esplika diezadatela nola den posible hainbeste urtez ez deus egitea", esan dio bakegileak azkenean, Euskal Irratietako Ihintza Arrietak X sarean egindako jarraipenean irakur daitekeenez.
2011ko Aieteko Adierazpenetik ETAren armagabetze eta desegite prozesua blokeaturik zuten Espainiako eta Frantziako estatuek. Bake Bidearen aburuz, lekukoek "berriz ere erakutsi dute ekintza hau beharrezkoa izan zela 5 urtez aitzinatu ez zen bake prozesua desblokeatzeko".
Asteazkenean, apirilak 3, jarraituko du epaiketak, eta egun honetarako elkarretaratzeak egingo dituzte Euskal Herriko zazpi hiriburuetan, eguerdian eta arratsaldean Errugabetzea, Euskal Herrian aro berri bat behin betiko irekitzeko lelopean.