Frantzian XIV. mendetik gertatzen dira noiz behinka mugidak herri matxinada kutsuarekin, baserritar, langile zein ikasleen artean. 1968ko maiatza izan zen gogorrenetako eta erabakigarrienetako bat. Lau astetik hona ikusten ari gara jaka horidunen mobilizazioak, zeinak Ipar Euskal Herrian ere baduten eraginik.
Erregaien prezioaren igoera jatorri duten mobilizazio hauek Parisen beste batzuekin batu dira eta gerrilla urbanoaren antza ari dira hartzen. Iritzi publikoa galdezka ari da, zein dagoen jaka horidunen atzean. Badirudi, ezkerreko jendea dela –badaude eskuin muturreko batzuk ere–, izendatzaile komun batekin: Gobernuaren eta bere politika ekonomiko zein sozialen kontra egitea. Orain, ikasle eta langileen babesa ere jaso dute; hasi dira manifestazioak eta grebak.
Paris “sutan” dago jadanik. Gobernua hasi da larritzen: herri mugimendu hori desaktibatu nahian dabil alderdi politiko eta sindikatu tradizionalen bidez, mobilizazioen aldarrikapenetatik aparte egon baitira orain arte azken horiek. Sistemak bere estatus ekonomiko eta politikoa mantendu nahi du, hura zalantzan jartzen duten matxinaden aurrean. Ez da kasualitatea inkesta baten arabera Frantziako Estatuko herritarren %90 egotea mobilizazioen alde –biolentziarik gabekoak baldin badira–. Aitzitik, egunotan piztu den biolentziaren alde herritar horien %15 egoteak ere ez gaitu ezustean harrapatu behar.
Zerbait larria ari da gertatzen gizartean halako egoerak baldin badaude. Mugimendua errepresioaren bidetik desaktibatu nahi izatea biolentzia sustatzea da. Politika ekonomiko eta sozial berriekin bilatu behar zaio irtenbidea arazoari, eta muinera jo nahi izanez gero, sistema bera aldatu beharko litzateke.