argia.eus
INPRIMATU
Paris eta Belgikako konexioak
  • Gérarda Collomb Frantziako barne ministroak jakinarazitako datuen arabera, Cambrilseko hamabi laguneko taldeko lau kide izan ziren Parisen atentatuaren aurreko astean, Cambrilseko erasoan erabilitako Audi3a autoarekin.

Xabier Letona Biteri @xletona 2017ko abuztuaren 23a
Herritarrek Ramblako erasoaren lekuan jarritako lore mulzo handia.

Ez da esaten nor, baina abuztuaren 12an Frantziako hegoaldeko Essonne departamenduan harrapatu zuen radar batek autoa, baimendutakoan baino abiadura handiagoan zihoalako. Ikerketaren arabera, Younes Abouyaaqoub Ramblako furgonetaren gidaria beste norbaitekin aritu zen erosketak egiten Parisko saltokiren batean eta Paristik gertu dagoen hotel batean egin zuten gaua.

Ikerketaren Bruselako harian, aldiz, Abdelbaki es Satty dago, Alcanarreko leherketan hildakoa eta ustez talde jihadista antolatu zuena. Honek Belgikako Diegem herriko meskitan eskatu zuen lana 2016aren hasieran, baina ez zioten eman bertako kideei susmagarri egin zitzaielako; ez omen zuen ezer aipatzen bere iraganaz eta iman agiririk ere ez zuen erakutsi. Azkenean meskitako komunitatetik bota ei zuten.

Bi atxilotu espetxera

Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu ondoren, lau atxilotuetatik bi espetxera bidali ditu Fernando Andreu epaileak. Mohammed Houli Alcanarreko txaletaren leherketan zauritutako 21 urteko gaztea, eta Driss Oukabir 28 urtekoa, Cambrilsen hildako Moussa Oukabirren anaia. Honek alokatu zuen Rambletako furgoneta, baina adierazi duenez, berak uste zuen altzariak mugitzeko zela.

Epaitegian astero aurkezteko baldintzarekin libre geratu da Mohammed Aallaa, 27 urtekoa eta Said Aallaaren anaia, Cambrilsen hildakoa hau ere. Herri honetako erasoan erabilitako Audi3 autoa bere izenean zegoen, nahiz eta egiazko jabea bere anaia zela uste den. Salh el-Karib da deklaratu zuen laugarren atxilotua eta epaileak 72 orduz luzatu du bere atxiloketa. Ripolliko telefono lokutorio bateko kudeatzailea da eta mossoek egoitza miatu arte jarraituko du etxiloturik.