argia.eus
INPRIMATU
Paris 365eko erabiltzaileek ‘Aporofobia stop’ antzerki proiektua finantzatzeko aulkien ekoizpenean parte hartu dute
  • Pobrezia-egoeran dauden pertsonek martxoa eta apirilean Iruñerrian antzeztuko den obran parte hartuko dute, jasaten duten gaitzespena ikusarazteko helburuarekin. Ados Teatroa, Asín Sound, Bidebitarte Kooperativa eta Arteriak elkartearekin ekimen honetan elkarlanean ari da Iruñeko Paris 365 Jangela solidarioa Altzariak Katakrak liburudendan eta Tres Reyes hotelean ikusgai eta salgai egongo dira.

Mikel Urabaien Otamendi @mikel_ura 2022ko otsailaren 18a
Paris 365 jangela solidarioaren erabiltzaileak, Zorokiain herri birpopulatuko Tantai ebanisterian material birziklatuarekin aulkiak egiten. (Argazkia: Patricia Lang)

Aporofobia STOP, pobrezia-egoeran dauden pertsonen gaitzespenari buruzko antzerki obra da, pairatzen duten lagunek egina eta eurentzako: haiek egina, protagonistak Paris 365 jangela solidarioaren erabiltzaileak direlako; eta haientzat egina, errealitate horri aurre egiteko modurik hoberena publiko zabalaren aurrean ikusaraztea delako. Baina ekimen honen erakunde sustatzaileek nahi duten publikoaren konplizitatea ez da kontzientziazio hutsera mugatzen; izan ere, erakunde sustatzaileen asmoa mezenasgo solidarioko prozesu baten bidez sormen-prozesuan integratzea ere bada, erabiltzaileek fabrikatutako aulkiak erosteko aukera emanez obraren produkzio-kostuak estaltzeko.

Aulkia, printzipioz altzari hutsala da, baina balio sinboliko handia du jatera esertzeko espazio propio gisa, eta baita hitz egiteko, pentsatzeko, entzuteko, partekatzeko, atseden hartzeko edo, agian, toki batean finkatzeko ere. Ados Teatroa, Asín Sound, Bidebitarte Kooperativa eta ARTeriak kultur erakundeekin elkarlanean ari da Paris jantokia proiektu kultural honetan. Ostiralean, otsailaren 18an, Katakrak liburudendan eginiko mahai ingurua proiektua bere osotasunean aurkeztu zuten. Bertan proiektua kudeatu duten erakunde guztietako partaideak egon ziren eta baita eszenografiaren eraikuntzan edo antzezlanean parte hartu duten Paris 365eko erabiltzaileak ere.

Horietako bi Daniel Pardo Guajardo eta Maynor Ramos Barrios dira. Azken honek esan zuen eszenatokiaren gainean “bere hoberena” emango duela “pertsonak ikusezinak bihurtzen dituzten horien kontzientziak astintzeko”. Pardoren ustez, horretarako ezinbestekoa da “kaleko errealitatea helaraztea”.

Eta nork antzeztu dezake errealitate kalea bizi dutenek baino hobeto? José Antonio Vitoria Ados Teatroa antzerki konpainiako zuzendariak azaldu zuenez, “ideia horrekin” lan egiten dute “Giza Eskubideak Eszenara proiektuaren barne”. Vitoriak nabarmendu zuen honen guztien eraginez obran sei nazionalitate ezberdineko aktoreek parte hartzen dutela, horrek suposatzen duen hartu-eman kulturalarekin. “Giza talde zehatz batek bere bizipenak kontatu ahal izateko espazio aske bat sortu nahi genuen”, laburbildu zuen Javier Asín, Asín Sound ekoizpen enpresako zuzendariak.

Paris elkartean ere, lan honekin guztiarekin kulturaren bitartez integrazioa bultzatzea dute helburu: “Erakundeko Patxi Lasa lehendakari ohiak gizarte bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonen parte-hartze sozialari eta politikoari bide eman nahi zion”. Myriam Gómez-García París 365eko koordinatzaile eta kudeatzaileak sakondu du gaian: “Horregatik Mikel Artxanko eta David Aztarain kultur sustatzaileekin harremanean jarri ginen eta Ados Teatroarekin batera antzerkiaren bidez ideia gauzatu ahal izan dugu azkenean”,

Aulkiak liburutegian bertan, Tres Reyes Hotelean eta Baluarte Jauregian ikusgai egongo dira obraren estreinaldira arte. Erakusketak ARTeriak, Teatrodix gai sozialeko antzerki jaialdiaren sustatzaileak antolatzen ditu. Erakunde horrek hainbat ekitaldi prestatuko ditu obra eszenikoaren biran, eta erakusketak kudeatuko ditu. Guztira 46 aulki ezberdin daude, eta bakoitzak bere fitxa deskriptiboa eramango du atzealdean, jendeak, alde batetik, egilearen egoera eta, bestetik, Paris 365rekiko harremana ezagutu ahal izateko.