Iruñeko Paris 365 jantoki sozialak 100.000 euro behar ditu ateak ixtera beharturik ez egoteko. Hilabetean 70.000 euro bildu dituzte, Gizakia Herritar fundazioko presidente Patxi Lasak jakinarazi duenez.
Diru ekarpen gehienak norbanakoenak egin dituztela esan du Lasak: "3 eta 3.000 euro artean eman dute".
2009an ireki zen Paris 365 jantoki soziala, Jarauta Karrikan. Hamar urteotan 278.000 gosari, bazkari eta afari baino gehiago banatu ditu Gizakia Herritar fundazioak, eta 10.250 elikagai saski baino gehiago banatu. Gaur egun Descalzos kalean dago jantokia.
SOS Paris 365
Abenduan aurkeztu zuten SOS Paris 365 kanpaina, ixteko arriskuan zegoela-eta. Fundazioko kideek prentsaurrekoan nabarmendu zutenez, hamar urteren ostean, eskaintzen dituen zerbitzuak guztiz premiazkoak izaten segitzen dute: “Hasieran behar bat zegoen, gaur egun bada, eta aurrera begira ere beharrak hor segituko duela uste dugu”, zioen Sofia Anton elikadura baliabideen arduradunak. "Azken hilabeteotan eskaria handitu egin da" gaineratu zuen. Eskaria handitzearen arrazoiak hainbat dira; batetik neguan handitu egiten delako generalean, Iruñeko auzoetatik eta zerbitzu sozialetatik ere jasotzen dituztelako prekarietatean dauden pertsonak, eta gero eta gehiago direlako etxebizitza bat izateko arazoa duten pertsonak. Hortaz, oinarrizko beharrizan horiei erantzuna emateko premia dutela azpimarratu du fundazioak.