2024ko Pariseko Joko Olinpikoak lehen joko parekideak izango dira parte hartuko duten gizon eta emakumeen kopuruari dagokionez. Genero bakoitzeko 5.250 atletek hartuko dute parte uztailaren 26tik abuztuaren 11ra bitartean 33. Olinpiada modernoetan.
Nazioarteko Batzorde Olinpikoak (NOB) 2020ko Agenda Olinpikoaren 11. gomendioa bete du. Horren arabera, jokoetan emakumeen partaidetza-kuota %50ean ezarri zuten, eta talde mistoekin probak sartzea sustatu zuten. Aurtengo Olinpiadetan 329 taldeetatik hogei bat mistoak izango dira.
Emakumeen parte-hartzea Olinpiar Jokoetan 1900ean hasi zen Parisen ospatu ziren Olinpiada modernoen bigarren edizioan. 997 atletetatik 22 emakumeak izan ziren, eta bost diziplinatan lehiatu ziren: tenisa, bela, crocketa, hipika eta golfa.
Ohikoa da esatea garai hartan emakumeek ia ez zutela kirolik egiten, hori jarduera fisikoarekiko interes txikiaren ondorio balitz bezala, eta ez gizon eta emakume gazteen arteko segregazio zorrotza defendatzen zuen sexu-politika baten ondorio, zeinean kirolak funtsezko zeregina izan zuen.
Zer izan zen kristautasun muskularra?
Joko Olinpiko modernoen sortzaile Pierre de Frédy Coubertineko baroiaren hezkuntza-proiektua kokatu zuten kristautasun muskularra deituriko mugimenduan, gazteak (gizonezkoak) fedean eta gizontasunean trebatzeko kirola oinarritzat hartu zuena.
1883an, 20 urte zituela, Pierre de Coubertinek heziketa fisikoko programa egin zuen Rugby Schoolen, kirol horri izena eman zion ikastetxe pribatuan. Eskola horretan girotuta dago Thomas Hughesen Tom Brown's School Days eleberria, mugimendua inspiratu zuena.
Frantzia eta Prusia arteko gerran frantsesek izandako porrotaren umiliazioak markatuta, Coubertinek frantsesek gerrarako zuten prestakuntza eskasari irtenbide bat aurkitu zion ingelesei erreparatuta. Denborarekin, inperioen arteko bakeari eusteko kirolak duen ahalmen diplomatikoa ere goraipatu zuen. Kirolak nazioen arteko borrokarekin, inperialismoarekin eta gerrarekin zuen lotura horrek kirolaren bertsio ludikoago eta pluralagoa suntsitu zuen. Hala sortu ziren Olinpiadak. Olinpiar Joko moderno horiek gizonezko zurien nagusitasunaren ospakizun moduan ikusi zituen Coubertinek.
Olinpiadetara ez zituzten emakumeak "adeitasunez" gehitu. Izan ere, Olinpiar Jokoak funtsezkoak izan ziren kirol modernoa maskulinizatzeko prozesuan, eta soilik jarrera erreibindikatzaileek lortu zuten emakumeen presentzia zabaltzea eta ofizializatzea
Prozesu horretan funtsezkoa izan zen Allice Milliat, NOBk emakumentzat ekitaldi olinpiko gehiago eskaintzeari uko egin zionez, 1921ean Emakumeen Nazioarteko Kirol Federazioa (ENKF) sortu zuen, eta urte horretan bertan emakumeen I. Olinpiadak antolatu zituen; ondoren, hiru gehiago eta beste lau Munduko Joko egin zituzten.
Parisko Emakumeen II. Olinpiadak 20.000 ikusle bildu zituen 1922an. Kide batek 1960an adierazi zuenez, NOBk 1923an eztabaidatu zuen nola aurre egin feminismoak kirolean zituen ondorioei, eta gogo txarrez onartu zuen emakumeen ekitaldiak zabaltzea, emakumeen kirolaren gaineko kontrola bereganatzeko.
Parekotasunik eza NOBko zuzendaritzan
Parekotasunak, historikoki aldarrikapen feminista izan arren, beste motibazio batzuk ezkuta ditzake: kontrolatzen jarraitzea. Izan ere, Gutun Olinpikoak 1996an NOBren konpromisoa jaso zuen emakumeen presentzia sustatzeko "maila guztietan eta egitura guztietan, bereziki nazioko eta nazioarteko kirol-erakundeen batzorde exekutiboetan, gizonen eta emakumeen arteko berdintasun-printzipioa zorrotz aplikatze aldera". Parekotasun exekutiboa ez zen 2020ko Agenda Olinpikoan sartu; izan ere, egin izan balitz, 11. gomendioa bete gabe geratuko litzateke: NOBren zuzendaritza hamaika gizonek eta bost emakumek osatzen dute gaur egun.
Baina zenbakiez haratago, berdintasun eraginkorra ezinezko egiten duten aginduei lotuta dago kirola. Sexu-bereizketaren dogma, parekotasunak ere sostengatzen duena, horietako bat da. Emakumeen kategoria babesteko sortu zen, baina emakumezko atleta batek gizonen nagusitasuna ezbaian jarri duen aldiro, sexuaren araberako banaketak markatu ditu federazioen erabaki guztiak.
Zhang Shani gertatu zitzaion 1992an Bartzelonan, urrezko domina irabazi eta errekor olinpikoa hobetu ondoren plater-tiroketa mistoan. Garaipenaren ostean, Tiroketaren Nazioarteko Batasunak emakumeen parte-hartzea debekatu zuen, eta, ondorioz, Shanek ezin izan zuen bere urrea defendatu Atlantan 1996an, ustezko "emakumeen olinpiadan".
2024an Parisen tiro-ekitaldi mistoa izango da, baina gizon batek eta emakume batek osatutako taldeekin, gizonen eta emakumeen arteko zuzeneko lehiaketa saihesteko ezartzen ari den "mistoaren" ereduari jarraituta.
Lindsay Vanek ere ezin izan zuen defendatu bere eski jauziko errekorra 2010eko Vancouverreko Neguko Olinpiadetan, izan ere, emakumezkoen parte hartzea debekatu zuten, errekorra emakumezkoa izan arren. Nazioarteko Eski Federazioak, orduan, etorkizunean gerta litezkeen ugalketa-arazoak argudiatu zituen debekua justifikatzeko. 2010ean, XX. mendearen hasieran emakumeak kiroletik baztertu zituzten argudio berberak errepikatu ziren.
Anekdotikoak diruditen arren, gertaera horiek erakusten dute sexuak eta haien funtzioak naturalizatzeko politika orok beti mugak ezarriko dizkiela emakumeei. Urtetan sexua egiaztatzeko probak egin zituzten; gaur egun muga testosterona mailak ezartzen du, eta horren erruz emakume afrikar asko txapelketatik botatzen ari dira.
Bestalde, Frantziak betoa jarri die belodun atletei talde olinpikoan parte hartzeko, eta hainbat diziplinatako jokalariak sexualizatzen dituzten janzkeren inposaketaren aurka matxinatzen ari dira.
Kirolarien gorputzak dira, oraindik ere, batzorde betearazleen erregulazio-xede nagusietako bat. Azken finean, bereizketa sexuala Olinpiar Jokoak antolatzeko printzipioa den bitartean, beti gorde beharko dute bereizketa hori justifikatuko duen desberdintasunen bat.