argia.eus
INPRIMATU
Parapentean jauzi egingo du gurpildun aulkian dabilen urduñar batek, Renferen irisgarritasun falta salatzeko
  • Maria Luisa Goikoetxeak hilabeteak daramatza trenera igotzeko dituen eragozpenei erremedioa bilatzen. Orain, ekintza ikusgarria iragarri du bizi duen egoera salatzeko.

Aiaraldea @aiaraldea 2016ko irailaren 05

Renfek Urduñako geltokian obrak iragarri zituen, baina lan horiek ez lukete problema konponduko. Horregatik, Goikoetxeak aurreratu du jarraituko duela irisgarritasun arazoak salatzen tren zerbitzuan.

Iragarri du parapentean egingo duela jauzi, erakusteko mugikortasun arazoak dituen pertsona batentzat Urduñan errazagoa dela hori egitea Renfeko trenetan bidaiatzea baino.

Oraindik ez du zehaztu data, baina lanean hasi da egitasmoa gauzatzeko. Duela hilabete ugari hasi zuen Maria Luisa Goikoetxeak protesta, baina oraindik ez dituzte arazoak konpondu Urduñan edo Abandon.

100.000 sinadura eta babes zabala

Urduña eta Bilbo lotzen dituen Renferen C3 aldirikoen tren zerbitzua mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzat egokitu dezaten sinadura bilketa abiatu zuen Goikoetxeak urtarrilean change.org web gunean.

Hasiera batean 1.000 izenpe jasotzeko helburua jarri zuen, baina jasotako babesak hasierako asmoa txiki utzi zuen, 100.000 lagunek babestu baitzuten Goikoetxearen eskaria. Geroztik bizilagun askok egin dute bat eskaerarekin, apirilean egindako manifestazioak erakusten duen moduan.

Goikoetxeak hemorragia izan zuen burmuinean duela bi urte eta egun tratamendua jaso behar du astero Bilbon. Trenez bidaiatzeko zailtasunak ditu ezin baitu trenera igo. Hori dela eta, tren geltokietan mugikortasun arazoak dituztenentzako arrapala jar dezaten eskatzeari ekin zion.

Albiste hau Aiaraldeak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.