Orain gutxi Txantreako Irakurle Eskolan Gael Faye idazlearen Ene herri txikia eleberria irakurri genuen, Irati Bereauk euskarara itzulitako bertsioan. Liburuak Gabrielen –Burundin jaiotako haur bat– historia kontatzen du. Aita frantsesa du eta ama Ruandatik ihes egindako tutsi erbesteratua da. Liburuak hainbat gai jorratzen ditu; haurtzarotik nerabezarorako pasaera, familia gatazkak eta ezberdintasun sozialak, esate baterako. Baina gai zentrala, eta narrazioaren klimaxa, hutu eta tutsien arteko gatazka da. Izan ere, gatazka horrek Ruandan ez ezik Burundin ere egundoko triskantzak eragin zituen. Irakurri genuen guztioi izugarri gustatu zitzaigun, irakurterraza eta entretenigarria iruditu baitzitzaigun. Halaber, den-denok kontu batean bat egin genuen: Afrikako historiaz deus gutxi genekien.
Irakurle taldeko saioa prestatzeko Alfredo González Ruibal-en artikulu bat irakurri nuen, El Salto aldizkarian argitaratutakoa. Testu hartan, europarrek Afrikako gatazkez dugun ikuspegia kritikatzen du, kontinente beltzeko “gatazka etnikotzat” definitzen baititugu. Gatazka etnikoak borroka irrazional, barbaro eta ulergaitzak lirateke, mendeetan metatu diren gorroto eta ezinikusien ondorio. Baina González Ruibal arkeologoaren arabera, Mendebaldeak gatazka bat etnikotzat definitzen duenean, lehian ari direnen identitatea azpimarratzen du eta, aldi berean, liskar horien kausa sakona ezkutatu. Haren aburuz, gatazka etnikoak ez dira existitzen, are gutxiago Afrikan. Kontinente beltzean inon baino argiago geratzen baita horien atzean dauden interes ekonomiko, sozial eta politikoak; sarri kolonialismoaren ondorioetatik eratorritakoak. Sarri asko, baliabideen gaineko kontrolagatiko gerra hutsa da. Beraz, utzi beharko genioke Afrikako gatazkak liskar barbaro eta irrazional hutsen modura ikusteari.
Baten batek, halaber, pentsa lezake gatazka horiek Hirugarren Munduko kontua direla eta halakoak ezin direla gertatu gure latitudeetan. Alabaina, liburua irakurtzen ari nintzenean gogoratu nuen Ruandako genozidioa (1994) eta Burundiko gerra zibila (1993-2005) gertatzen ari ziren garai bertsuan Europan ere gerra eta sarraski larriak gertatzen ari zirela. Jugoslaviako gerrez ari naiz. Horietan tortura, garbiketa etnikoak, bortxazko lekualdatzeak, hilketa masiboak eta sexu-indarkeriak izan ziren baita ere. Ezberdintasunak ezberdintasun, paralelismo ugari zegoela iruditu zitzaidan, baina bataz eta besteaz daukagun irudia arrunt ezberdinak dira.
Ene herri txikia liburu bikaina da, Afrikarako sarbide bat izan liteke. Baina Frantzian liburu oso arrakastatsua izan zen arren, euskarazko bertsioaren aleak aurkitzeko zailtasunak izan genituen. Gurean, dirudienez, oihartzun apala eduki zuen eta katalogoetan ezin aurkitu ibili ginen. Euskal literatura-merkatuaren egoeraren sintoma izanen da, akaso.