Tifoiak eragindako hildako kopurutik harago, Filipinak Asiako bigarren ekonomia izatetik herrialde pobrea izatera zerk eraman duen erantzuten saiatu da Joaquin Luna La Vanguardia egunkarian idatzitako artikuluan. Osorik itzuli dugu.
Baldin bada herrialde bat erraz maitatzekoa, horra Filipinak. Eta Filipinak maitatzea, orduotan, negar egitea ez; ez hildakoengatik bakarrik. Haiei kontsolamendu utzi zien José Rizalek “Mi último adiós” poeman, gaztelaniaz idatzi diren hunkigarrienetakoa. Sun Yat Tsen edo Mahatma Gandhi bezalako askatzaileen aitzindaria, Jose Rizalek “mi último adiós” idatzi zuen 1896an Manilako Luneta parkean fusilatua izan baino ordu gutxi lehenago, horra espainolen kolonizazioaren azken hanka sartzea. Rizalek animoak ematen zizkien bizirik geratzen zirenei “Ekialdeko itsasoaren perla” hartan, kolonizatua ez bakarrik Espainiak baina baita bere kongregazio erlijiosoek, zeinek ahalegin handiz torpedatu baitzituzten Madrildik bertara bidalitako gobernadore erreformazale bakanak.
Filipinak ziren Asiako bigarren ekonomia 1950ko hamarkadan, Japoniaren atzetik. Japonia bezala, ordenamendu legal txukunki demokratiko baten jabe zen, bien kasuan Amerikako Estatu Batuen opari. Filipinak, duela mende bat, herrialde aberats eta demokratikoa ziren, kolore guztietako diktaduren artean.
Zergatik ari dira egunotan Filipinak negarrez ebitatu ahal izan ziren milaka heriotzagatik? Noiz izorratu zen, Peru bezala, “Ekialdeko itsasoko perla”? Noiz galdu zuten harekiko interesa enpresaburu atzerritarrek, euskal pilotariek, AEBetako multinazionalek eta Mendebaldeko turistek, Filipinak mapa-munditik desagertzen joateko?
Erantzun errazak izen eta data jakinak dauzka: Ferdinand eta Imelda Marcos, XX. mendeko senar-emazte diktadore perfektuak, 1965etik 1986ra agindu zutenak. “Intsurgentzia komunista” aitzakia harturik, Marcosek eraitsi zituen lege demokratiko guztiak eta hiru P famatuen politika ezarri: lagunari “plata” (sosak), etsaiari “plomo” (beruna) eta epelari “palo” (egurra). Aldi berean Imelda emana zegoen munduari plazer egitera, seduzitzaile aparta zen, Maoren Txinako kantziler bikaina zen Zu Enlai berak aitorten zuenez: nazioarteko zinemaldiak, jaialdiak “jet set”arekin Manilan eta Filipinetako hondartza ederretan, lehen mailako kirol ospakizunak 1975eko Ali-Frazier borroka hura bezalakoak…
Nola alderatu zitekeen Julio Iglesias eta Niarchosen Manila hura, guayabera, gigolo eta starlettez betea, Pinocheten Txileren kutrekeriarekin edo Somozatarren Nikaraguarekin? Filipinetan diktadura zegoenik ez zen argitara azaldu Marcosek potroak eduki zituen arte 1983an tiroka akabatzeko Manilako aireportuan oina jartzearekin batera zein eta Benigno Ninoy Aquino oposizioko buru oso errespetatu eta batere komunista ez zena… AEBetako exiliotik zetorrenean.
Marcostarren diktadurak atxiki zuen ez bakarrik Washingtonen laguntzagatik, baizik eta baita ere Filipinetako gizartearen eritasunak diren adiskidekeria eta familiako klanak direla medio. Nazioarteak eskuzabal lagundu zituen Filipinak, baina diru guztia Marcostarren eta hauek atzerrian zeuzkaten lagunen sakeletara joaten zen, itxura egiteko Manilak lauzpabost azpiegitura kosmetiko eraikiz. Enpresen arteko joko-arau mafiosoekin eta zorpetze harrigarri batekin, enpresen arteko giroa pozoitu zen.
Hala ere, filipinarrek berriro erakustaldia eman zioten Asiari eta munduari people powerekin, Marcostarrak atzerrira bidaltzea lortu zuen herri matxinadarekin. Berriro Filipinak aurkezten ziren munduaren aurrean Ekialde Urruneko bigarren demokrazia moduan. Bigarren aukera galdua izan zen…
Cory Aquinok, Ninoy asasinatuaren alargunak,ez zituen aprobetxatu bere aukerak eta ez zuen izan zorte onik armadarekin; honek sei estatu kolpe jo zizkion. Turismoak ihes egin zuen. Bitartean, milioika filipinarrek emigratzen jarraitu zuen, klan politikoek berreskuratu zuten Estatuaren kontrola: Imelda berriro etxeratu zen lasai ederrean, arpilatzea egin zuen Joseph Estrada aktore eta presidenteak, eta orain presidentea Benigno da, Ninoy eta Coryren semea.
Gaur bizi balitz, Rizalek Filipinei idatzitako oda 1896an bezala amaituko zuen: “Adiós, queridos seres, morir es descansar”.