argia.eus
INPRIMATU
Papua: ehunka hizkuntza herrialde berean
  • Munduan hizkuntza gehien biltzen dituen herrialdea da Papua Ginea Berria (Ozeania); hizkuntza batzuek milaka hiztun dituzte, beste batzuek bost soilik. Beren kultura, sinesmena eta hizkuntza duten milaka tributan banatutako bost milioi biztanlek osatzen dute herrialdea. Urtero irailean biztanle guztiak bildu, beren arteko arazoak alde batera utzi, eta nazio-festa ospatzen dute.

2010ko irailaren 26a
papua

Papua Ginea Berria munduko leku berezi eta esploratu gabeenetakoa da, hainbat irlek osatzen dute.

Bost milioi biztanleko duten herrialdean 800 hizkuntza daude. Hainbeste hizkuntza izatearen arrazoia lurraldeak dituen mendi, bailara eta basoak izan daitezke.Tribu askok ez dute denbora luzean besteen berririk izan, elkarrengandik kilometro batera zeuden arren.

Oso kultura ezberdinak ditu herrialdeak, talde gehienen hizkuntzen artean gainera ez dago antzekotasunik. Esan bezala, 800 hizkuntza inguru daude eta hauek oso hiztun kopuru ezberdinak dituzte; Engak esaterako 130.000 hiztun ditu eta Abagak berriz bost soilik. Taldeek dituzten sinesmenak ere oso ezberdinak dira: 700.000 katoliko inguru daude, 500.000 luterano eta beste hainbeste protestante.

1957an misiolari batzuek nazio-festa antolatzea erabaki zuten. Gorokan tribu guztiak bildu eta kantatu eta dantzatuz ‘Sing sing’ eguna ospatzen dute geroztik. Egun alai eta koloretsua izaten da, tribu bakoitza bere musika tresna eta jantzi koloretsuekin aritzen da.