argia.eus
INPRIMATU
Paperak denontzat, sistematik kanpo utzi dituztenen aldarria
  • Pandemiak ikusgarriago egin du migratzaile askoren errealitatea: bazterkeria sozialera, lan baldintza ankerretara eta arrazakeria polizial eta instituzionalera kondenatzen ditu legeak berak, pertsona ilegaltzat dituelako. Nolatan normalizatu dugu pertsonak oinarrizko eskubiderik gabe uztea, beren jatorriagatik? Kolektibo migratzaileek ozen esan dute: aski da, legalizatu egin behar da egoera irregularrean daudenen egoera (guztiena eta eskubidez, ez sektore batzuetan lan egiten dutenena bakarrik, behar ekonomikoei erantzuteko). Epe luzera, arrazista eta bidegabea den legea aldatzea dute erronka.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko abuztuaren 02a
Paperak Orain plataformaren manifestazioa Bilbon (arg: Ecuador Etxea)

Pandemiaren ondorioei aurre egiteko egoera okerrenetakoan daude migratzaileak, argi geratu da hilabeteotan: lan prekarioenak egiten dituzte –kurioski, baita oinarrizko direnak ere, zaintzari lotutakoak kasu–, sarri etxebizitzetan pilatuta bizi dira, Poliziaren indarkeria gehien sufritzen dutenetakoak dira… Eta asko egoera irregularrean daudenez, babesgabe daude. Esaterako, zaintzan edo garbiketan etxeko langile aritzen diren emakumeei kontratua eten diete konfinamenduarekin batera eta ezin izan dute ez bajarik hartu ez langabeziara jo. Berdin lanean beltzean aritzen diren eta kaleratuak izan diren migratzaileak, beltzean aritzen direnez eta paperik ez dutenez, gainerako herritarrek (autonomoek, enplegua modu batera edo bestera galdu dutenek…) jaso dituzten dirulaguntzetatik kanpo geratu baitira. Jakina, beltzean aritzen dira ez beraiek nahi dutelako, legeak horretara behartzen dituelako baizik: hiru urtez ilegal eta klandestinitatean aritu behar dute, eta hiru urte horiek pasata has daitezke errotuta daudela frogatzen, paperak eskuratzeko.

Hain juxtu, euren egoera erregularizatzeko prozesuan zeudenentzat traba bat gehiago izan da koronabirusaren krisia, eten egin baitiete prozesua, egoera luzatuz –prozesu guztia hasieratik berrabiatu behar izan du hainbatek–. Transito betean zeudenentzat ere sekulako oztopoa izan da konfinamendu garaia eta mugen erabateko itxialdia. Aterpeak, kiroldegiak eta bestelako espazioak ireki zituzten, bai bidean zeuden horientzat, bai kalean bizi direnentzat, baina baldintza kaskarrak salatu zituzten aterpe batean baino gehiagotan, jendea gelatan pilatuta zeukatela-eta.

Ondorio nabarienetakoa izan da asko eta asko diru-sarrerarik gabe geratu direla egun batetik bestera, eta hori kolpe latza izan da bizimodu prekarioak daramatenentzat. Manteroak adibidez ezin kalean saldu geratu dira bolada luzez –“Normaltasun Berria” delakoan ere zaila dute lehengo martxa berreskuratzea–. “Egunekoarekin bizi dira asko, eta eguneroko hori erortzen denean, akabo. Ezin alokairua ordaindu, ezin jatekorik erosi, ezin mugikorra erabili eta beraz ezin komunikatu… geratu dira”, kontatu digu Mbolo Moye Doole Bilboko mantero senegaldarren elkarteko kide Khadim Sambek.

Emakume Migratu eta Arrazializatuen EHko Sarea: "Eskubideak onartzeko modu arrazista da sektore ekonomiko batzuetan dituzten beharrei erantzuteko jendea erregularizatzea, inork egin nahi ez duen lana egiten segi dezaten migratzaileek"

Mbolok eta beste hainbat kolektibo migratzailek autogestionatutako erresistentzia kutxak sortu dituzte konfinamendua hasi eta gutxira, zailtasun handienak dituztenen beharrei erantzuteko asmoz. Ekarpen ekonomikoaz gain, zaintza sare antiarrazistak, bizilagun eta elkartasun sareak, sexu langileentzako baliabideak, inongo kolektibotan ez dauden migratzaileengana iristeko bideak… garatu dituzte, sasoi honetan.

Erregulazio masiboa, berehalakoa eta iraunkorra

Erresistentzia kutxek eta laguntza sareek pandemiaren kolpea arindu duten arren, muinari ere heldu diote kolektibo migratzaileek: paperik ez izatearen ondorio zuzena baldin bada jendea eskubiderik gabeko bizitza prekario eta babesgabeetara bultzatzea, paperak aldarrikatu behar dira guztiontzat. Dagoeneko herrialde ugaritara zabaldu den aldarrikapena da eta gurean Mugimendu Antiarrazistak eta Emakume Migratu eta Arrazializatuen Euskal Herriko Sareak kaleratu zuten manifestua, erregularizazioa eskatuz. Astebetean, Euskal Herriko 60 eragile baino gehiago atxikitu ziren manifestura. Aldarrikatzen dute erregularizazio berehalakoa, baldintzarik gabekoa, ezohikoa –legeak baimentzen duelako egoera berezian interes publikoaren eta segurtasun nazionalaren izenean egoera irregularrean daudenak legeztatzea, eta osasun pandemia bada egoera berezia–, iraunkorra –alegia, ez adibidez pandemiak irauten duen eperako bakarrik–, eta zabala –denentzat–.

Inportantea da azken ezaugarri hori azpimarratzea, sektore batzuetan lanean ari diren migratzaileak bakarrik erregularizatzeari ekin baitiote hainbat herrialdetan –adibidez landa eremuan frutak biltzen aritzen diren migratzaileen eta osasungintzan ari direnen egoera erregularizatu dute Espainiak eta Italiak–. “Eskubideak onartzeko modu arrazista da merkatuak bultzaturiko erregularizazioa, sektore ekonomiko jakinetan dituzten beharrei erantzuteko erregularizatzen delako jendea, inork egin nahi ez duen lana egiten segi dezaten migratzaileek. Prekarietatea eta esplotazioa mantentzen dituen logika kapitalistari erantzuten dio erregularizazio mota horrek eta gainera jende migratua beste arlo batzuetan garatzea galarazten du”, azaldu digu Emakume Migratu eta Arrazializatuen Euskal Herriko Sareak.

Ekonomia abiapuntu duen erregularizazioa “jendea erabiltzea” dela gaineratu du Jessicak. Migratzaileen alaba eta aktibista da bera: “Pertsonen balioa ezin dugu lan indarraren arabera neurtu. Landa eremuan lan egiteko aukera ez duenak ez du eskubiderik hemen nazionalizatzeko? Emango dizkizugu paperak gure herrialdeko ekonomia sostengatzen lagundu diezaguzun, eta gero hor konpon. Horrelako proposamenak ez zaizkit buruan sartzen”.

“Justizia aldarrikatzen dugu”

Berehalako erregularizazioak migratzaile eta errefuxiatuentzako eskubide guztiak bermatzea eskatzen du pertsona migratzaile eta antiarrazisten nazioarteko sarearen manifestuak, “gainerako herritarren pare”. Deportazioak etetea ere exijitu dute, “gure eskubideez beldurrik gabe gozatu ahal izateko”. Mundu humano, zintzo eta inklusiboagoranzko bidea egitera deitu dituzte munduko gobernu eta agintariak. “Gure lanak sortzen duen ongizateaz gozatzeko beste herrialde batzuetara mugitzeko eskubidea dugu. Gobernu eta korporazioek gure jatorrizko herrialdeak arpilatu dituzte mendez mende, eta lapurreta horrek jarraipena du gaur egun, gerrak, gosea eta suntsiketa ekologikoa eraginez”.

Justizia aldarrikatzen dutela diote manifestuan. “Justizia migratzen duten guztientzat, euren senide eta komunitateak atzean utziz, esplotazioa, espetxeratzea eta deportazioa sufrituz. Justizia itsasoak, mendiak, basamortuak eta mugak gurutzatu nahian hil direnentzat. Justizia bortxaketak, torturak eta gerrak jasan eta biziraun dutenentzat”.

“Ezin diogu indarkeriari eta COVID-19ari baldintza berdinetan aurre egin, erabat arrazistak eta neokolonialak diren legeetan gure eskubideak aintzat hartzen ez badira. Jasaten ditugun esplotazioa, diskriminazioa eta abusua arbuiatzen ditugu eta haien kontra egingo dugu”.

Badira aurrekariak, orain zergatik ez?

Frantziako Estatuan bertan, 180.000 herritarren egoera legeztatu zuten 1981ean eta 80.000 biztanlerena 1997an. Itun europarra aipatu dute agintariek, herrialde bakoitzak erabakia hartzeko aitzakia gisa, baina borondate kontua dela ziur dira manifestuaren bultzatzaileak. Beldur nagusia Mendebaldeak migratzaileei zor dien erreparazio historikoa dela uste du Emakume Migratu eta Arrazializatuen Sareak: “Ez diete euren pribilegioei muzin egin nahi, gure jatorrizko lurraldeetatik ateratzen duten aberastasunari”. Galdera zuzena egin dute Sareko kideek: “Zeini egiten dio mesede migratzaileak ez erregularizatzeak, jende bat paperik eta eskubiderik gabe mantentzeak? Milaka lagun egoera irregularrean izateak bultzatzen ditu lan prekarioagoak onartzera, edozein baldintzatan. Esplotazioari etekin ekonomikoa ateratzen diotenak dira onuradunak”.

Jessica: "Oso hipokrita da lege bat izatea diseinatuta Hego Hemisferioko jendea etor ez dadin, baina gero jende hori eskuzabal hartzen dute baldintzarik okerrenetan lan egiteko"

Halere, eskaera aurrera aterako den esperantza dute kolektibo bultzatzaileek. Espainiako Estatuan 1.000 eragile baino gehiago batu dira eskaerara eta dirudienez irailetik aurrera eztabaida zabaldu daiteke Madrilgo parlamentuan, 600.000-800.000 lagun ingururi eragingo liekeen erregularizazioaz. “Ez da erraza izango –aitortu digu Emakumeen Sareak–, herritarrek ez dutelako afera hau lehentasunezko jotzen, eta horregatik denbora honetan guztian, indarra egiten eta informatzen jarraitzea beharrezkoa da; gizarteak egin dezakegun presioa inportantea da”. Frantziako Estatuan, 600 eragilek baino gehiagok sustatu dute aldarrikapena eta Etorkinekin elkartea Pirinio Atlantikoetako suprefetarekin elkartu zen maiatzean, gaia aintzat har dezala eskatzeko. Suprefetarengandik baina, erantzun eskasa izan zutela azpimarratu du Etorkinekin elkarteak.

Bestelako lege bat behar dugu

Sakonean, legea bera da arazoa, Europako herrialdeetako Atzerritartasun Legeak lege arrazista eta bidegabeak direlako, pertsonak urte luzez egoera ilegalera kondenatzen dituztenak. Beraz, legea ezabatu eta beste norabide bat izango duen araudia ere exijitu dute kolektibo migratzaileek. Jessicaren iritziz, “oso hipokrita da lege bat izatea diseinatuta Hego Hemisferioko jendea etor ez dadin, baina gero jende hori eskuzabal hartzen dute baldintzarik okerrenetan lan egiteko. Arrazakeria hutsa da eta ezin da horrelako lege bat mantendu, ez dielako herritarrei garatzen eta aurrera egiten uzten. Ez da normala hainbeste urte igaro behar izatea nazionalizatzeko, hain burokrazia geldoa jasan behar izatea jendeak, lasai bizitzeko”.

Herritarrok ere, pertsona batzuk ilegalak izan daitezkeela normalizatzera iritsi garela dirudi. Hori nola den posible galdetu diegu Emakume Migratu eta Arrazializatuen Sareko kideei, eta bueltan etorri da pilota: “Galdera ez diguzu guri egin behar, guk zuei baizik: zergatik ohitu zarete instituzioak, eragile sozial politiko eta kulturalak, gizartea bera, herritar migratzaileak ikustera eskubiderik gabeko herritar gisa?”. Erantzuna egiturazko arrazakerian aurkitu behar dugula gaineratu dute, 500 urte baino gehiago baitaramatza arrazakeriak instituzionalizatzen: “Pertsona beltz eta indigenen deshumanizazioa ekarri zuen eta imajinario hori guztia barruan daramagu oraindik. Migratzaileak ingelesak edo alemaniarrak balira, ez litzateke begirada aldatuko?”.

Emakume Migratu eta Arrazializatuen Sarea: "Galdera ez diguzu guri egin behar, guk zuei baizik: zergatik ohitu zarete herritar migratzaileak ikustera eskubiderik gabeko herritar gisa?"

Poliziak begiz jota

Egiturazko arrazakeria da baita ere Poliziarengandik jende arrazializatuak jasotzen duen tratua. AEBetan George Floyd herritar beltza hil zuen maiatzean Poliziak, eta nazioartera zabaldu zen mugimendua piztu zuen horrek, baina ez dugu ahaztu behar gurean ere Poliziaren gehiegikeriak sistematikoki sufritzen dituztela herritar arrazializatuek. Pandemia garaian, gainera, areagotu egin dira gehiegikeria hauek. Kontrolak handitu dituzte, eta bultzadak, irainak, botere abusua batez ere arrazializatuek pairatu dute. Ongi daki Khadim Sambe manteroak: “Atzo bertan, Bilbon, lau beltz ikusi nituen paretaren kontra Poliziak miatzen zituen bitartean. ‘Zergatik dira beti beltzak eta ez zuriak?’, galdetu nien; ‘zuriak legalak dira’, erantzun zidaten poliziek, beltz izateak zuzenean ilegal izatea esan nahiko balu bezala. Eta bizi baimena badute? Eta hemen jaio badira? Arrazakeria kasu garbia da. Niri, egun bat bai eta hurrengoa ere bai, dokumentazioa eskatzen didate, kolore guztietako poliziek. Beltza naizelako”.

Migratzaile ugariren bizitoki den Bilboko San Frantzisko auzoa adibide garbia dela dio SOS Arrazakeriak: uneoro dago Polizia, uneoro patruilak, eta egunero gelditzen dute jendea arrazagatik. “Baina esaten baduzu zure azaleko koloreagatik gelditu zaituztela eta hori egitea ilegala dela, desobedientzia leporatuko dizute; grabatu nahi baduzu, Mozal Legea aplikatuko dizute; salatzen baduzu, poliziek elkar babestuko dute eta prozesu luze baten ostean galtzaile aterako zara… –kritikatu du Jessicak– Polizia eta beste administrazio batzuk arrazakeria sistemikoaz baliatzen dira, indibidualki egiten dituzten gehiegikeriez elkarren artean babesteko, inongo ondoriorik jasan gabe”.

Udaltzainak esaterako, etxez etxe aritu ziren leku batean baino gehiagotan konfinamendu betean, erroldatzeak egiaztatzeko: erroldatutako pertsona etxean ez bazegoen, erroldatik kendu eta isuna jartzen zuten. Hori ere kritikatu dute kolektibo kaltetuek: osasun krisi betean, benetan hori da –teorian herritarrengandik gertuen dagoen Poliziaren– lehentasuna? Gauzak horrela, migratzaile ugarik ez du kalera atera nahi izan, ezta erosketak egitera ere, Poliziak geratuko zituen beldurrez. Izan ere, “beti dira migratzaileak hiper-zelatatzen dituztenak”, salatu du Jessicak.

Koktel iluna etorkizunerako

Pandemiaren aitzakian areagotutako errepresio poliziala berau legitimatzeko modu bat dela adierazi digu Bizkaiko SOS Arrazakeriak, “ondoren ere errepresio horri segida emateko. Kolektibo eta kolore batzuek espaloia okupatzeak enbarazu egiten du, baina tabernetako terrazetan jende zuria garagardoak edaten egoteak ez”.

Kontrol gehiago mugetan, segurtasunaren izenean murriztutako eskubide eta askatasunak, pobreziaren eta bazterkeriaren hazkundea, diskurtso arrazista eta xenofoboen hauspotzea. Etorkizunerako koktel iluna aurreikusten dute kolektibo zigortuenek. Europako Batasunak mugak are gehiago gotortzeko eta jendea errazago kanporatzeko neurriak hartu ditu uda honetan. Borrokan jarraituko dute, erregularizazioa eta migrazio politika justuagoa exijitzen, baina bitartean ez daude geldirik: asmoa dute hainbat erresistentzia kutxa, baita zaintza eta babes sareak ere, denbora batez mantentzeko, bestelako garapen eta ongizate paradigmak garatzea helburu. Azken finean, Emakume Migratu eta Arrazializatuen Euskal Herriko Sarearen hitzetan, “Europak bere ongizate estatua oinarritzen du kolektibo arrazializatuen esplotazioan eta diruaren pilaketan; sistema kapitalistak eskaini digun ideal hori zalantzan jartzeko balio dezala krisi honek”.

Erreportaje hau Aktualitatearen gakoak aldizkarian argitaratu da. Aldizkari osoa nahi baduzu Argiako azokan eros dezakezu.