argia.eus
INPRIMATU
Paper fabrikako lohiak, Zaldibarko zabortegian sekula utzi behar izan ez ziren hondakinak
  • Zaldibarko Eitzaga auzoko zabortegian Verter Recycling enpresak paper birziklatu lohi pila handiak jaso zituen azken urteetan, Errenteriako Papresa fabrikak bidalita, Berria-n Imanol Magro Eizmendik kronika xehe batean azaldu duenez. Europako araudia zorrotz aplikatuz gero Zaldibarren horrelako hondakinik utzi ezin zen arren, Eusko Jaurlaritzak araudiaren interpretazio zabala eginez ontzat eman zuen. Osagai organiko eta hezetasun handia daukaten hondakinok eragin bat eduki ahal izan zuten zabortegiaren amiltzean.

Zero Zabor @zero_zabor 2020ko apirilaren 23a
Zaldibarko zabortegia sutan, artxiboko irudia. (Dani Blanco)

Errenteriako Papresak 100.000 tonatik gora paper birziklatu lohi bidali zituen bi urtetan Eitzagako zabortegira, 70.000 metro kubo baino gehiago %40 inguruko materia organikoa zutenak... nahiz eta organikorik gabeko gai inerteak jasotzeko baimena eduki biltegiak. Berria-ren arabera, Zaldibarkoa izan zen gutxienez urte batean, 2018an, paper lohiak jaso zituen EAEko zabortegi bakarra, batetik Verter zelako onartzen zituen enpresa bakarra eta bestetik beste inork berdindu ezinezko prezioak eskaintzen zituelako.

Berria-k galdekatu dituen adituen iritzian, paper lohiek badituzte berezitasun batzuk Zaldibarkoa bezalako zabortegien egonkotasuna arriskutan jartzen dutenak. Alde batetik, lohiok beren hezetasun handiagatik delako zizaila efektua eragin dezakete ondoko beste hondakin hidrofiloen erresistentzia murriztean, hauek mugiarazteraino. Beste zabortegi ugaritan ikertu den fenomenoa omen da eta horregatik dauka hori zorrotz arautua Europak: arauek diotenez, "ezin da lurperatu nahi gabeko eraldaketa fisiko, kimiko edo biologikoa izan dezakeen hondakinik», ezta «urarekin edo harriarekin erreakzionatu dezakeenik» ere, esaterako «bolumena aldatuz», edota baldintza geomekanikoei erantzuteko «nahikoa egonkortasun» ez dutenik.

Berria-k galdekatu duen Agustin Larrea geologoak ere nabarmendu du lohien desegokitasuna: "Lohiek oso arazo handiak sortzen dituzte beti zabortegietan. Bai kokatzeko, bai trinkotzeko, eta baita egonkortzeko ere. (...) Arazo kimiko larrienak zabortegia ixtean agertzen dira: plastiko geruza iragazgaitz batekin estali ondoren izan dezakeen asentua, edota gasak barnean gelditzea". Arazo bera berritsi du Ekologistak Martxan erakundeko Carlos Arribasek: «Hondakinen konposaketa kimikoa aldatu egiten da, eta, besteak beste, gasak sortzen dira. Gas horiek ihesbidea bilatzen dute: CO2ak, metanoak... Batez ere metanoa egoten da. Beraz, sute arriskua handia da».

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak, aldiz, uste du dena lege barruan eta egoki egin duela. Hain egoki, ezen eta Verterrek Zaldibarren zeukan zabortegia gainbehera etorrita ere (azpian harrapatuz oraindik azaldu ez diren bi gizon), geroztik paper lohiak hartzeko baimen berezia eman baitio hainbat zabortegiri martxoan bertan.