argia.eus
INPRIMATU
Pantailarik gabeko aisialdiari ekin diote 1.553 ikaslek Ipar Euskal Herrian
  • Hamar egunez, aisialdi orduetan telebista, bideo-joko eta smartphoneak alboratuko dituzte gutxienez 1.553 ikaslek, Ipar Euskal Herrian. Helburua lortzeko, pantailarik gabeko alternatibak diseinatu dituzte aisialdirako, denok bat eginik deskonexio digitala errazagoa dela sinetsita.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2024ko maiatzaren 14a
Ekimenak bilatzen du epe luzera ohitura osasuntsuagoak garatzea: elkarren artean aurrez aurre gehiago solastatzea, hobeto lo egitea, aire zabalean denbora gehiago pasatzea... Argazkia: Freepik

Pantailen aurrean jarri ohi garen orduetarako, arratsalde eta asteburuetarako, bestelako ekintzen egitaraua osatu dute ikasle, guraso, irakasle eta elkarteek. Adin ezberdinetako hemeretzi ikastetxek hartuko dute parte Ipar Euskal Herrian, aurrez gaia landuta dute eskolan, eta gainera, gurasoek gida bat jaso dute, ekimenerako lagungarri. Helburua, “10 egunez pantailak utzi” erronka gauzatzea.

Kezka ez da berria: urtez urte pantailaren aurrean igarotzen dugun denbora hazten ari da eta konfinamenduak denbora hori areagotzea ekarri zuela diote datuek. Osasunaren bueltako erakundeek gomendatzen dituzten mugak aise gainditzen ditugu egunerokoan: “Hiperkonexioak bizi gaitu, gure seme-alabak merkantzia bilakatu dira”. Ekimenak bilatzen du epe luzera ohitura osasuntsuagoak garatzea: elkarren artean aurrez aurre gehiago solastatzea, sedentarismoa txikitzea, jardun fisikoa handitzea, hobeto lo egitea, aire zabalean denbora gehiago pasatzea, paperean irakurtzeari tarte handiagoa eskaintzea…

Ongi antolatuz gero %95ak betetzen du erronka, eguneroko ohituretan aldaketa positiboak antzeman dituzte gurasoek, eta ekimenari esker ikasleek pantailekiko jarrera kritikoa garatu dutela diote irakasleek

60.000 lagunetik gora

Astearte goiz honetan egin dute erronkaren inaugurazio ekitaldia, Miarritzeko Sainte Marie eskolan. Hainbat kirolari ezagunek hartu du parte eta maiatzaren 23ra arte iraungo du ekimenak. 2003an Quebecen, Kanadan, sortutako ideia 2018tik egiten da Euskal Herrian, eta urtetik urtera gero eta haur eta gazte gehiagok hartzen du parte. Frantziako Estatuan, 60.000 lagunek baino gehiagok heldu diote erronkari aurten.

Aurreko edizioetako emaitzak oso positibotzat jotzen dituzte antolatzaileek: besteak beste, ongi antolatuz gero %95ak betetzen du erronka, eguneroko ohituretan aldaketa positiboak antzeman dituzte gurasoek, eta ekimenari esker ikasleek pantailekiko jarrera kritikoa garatu dutela diote irakasleek.

Eskolan ere, pantailekiko gehiegizko esposizioa?

Erronkak aisialdia du jomuga, baina hezkuntzan egiten ari diren digitalizazio prozesuarekin ere kritiko dira guraso ugari, Frantziako Estatuan. Ingurune digitalean moldatzen irakatsi ordez, zuzenean eskolak pantailaz eta teknologia digitalez betetzen ari direla eta gogoetarik gabeko bide arriskutsua egiten ari direla salatua du CoLINE kolektiboak, ARGIAn kontatu genuenez. Haur eta gazte bakoitzari tableta edo ordenagailu eramangarria emateak ez duelako ikasketa hoberik bermatzen, alderantziz, hainbat gaitasun kamusten eta bestelako ondorio kaltegarriak garatzen ari direla uste dute, eta eskutitz irekia bidali diote Frantziako Hezkuntza ministroari, eskoletako digitalizazioa auzitan jarri eta neurriak har daitezen.