argia.eus
INPRIMATU
Pantailaldia egingo dute azaroaren 11tik 18ra, astebetez euskarazko ikus-entzunezkoak kontsumitzeko erronka
  • Pantailak Euskaraz elkarteak sortu du ekimena, pantailetatik jasotzen dugunak hizkuntza ohituretan “zuzeneko eragina” duela uste baitu. Astebetez euskarazko ikus-entzunezkoak kontsumitzeko eta horretarako dauden zailtasunez ohartarazteko xedea du Pantailaldiak.

ARGIA @argia 2022ko urriaren 25a
Pantailak Euskaraz elkartea Zinemaldian euskarazko eduki urriak salatzeko / Argazkia: IƱaki LL

Pantailaldia egitasmoa antolatu du Pantailak Euskaraz elkarteak, astebetez, azaroaren 11tik 18ra, euskarazko ikus-entzunezko edukiak kontsumitu eta sortzeko xedez. Hain justu, Euskaraldiaren atarian egingo dute ekimena, “Euskal Herri mailako halako ekimenarekin sinergiak aprobetxatuz”, taldeak azaldu duenez. Dagoeneko parte hartzeko izena eman daiteke Pantailak Euskaraz-en webgunean.

Euskararen egoeraren hainbat datuk kezka zabaldu du azkenaldian: Soziolinguistika Klusterraren 2021eko kale erabileraren neurketen arabera, Euskal Herrian zortzi lagunetik batek egiten du euskaraz, 2006an baino 1,1 puntu gutxiago. Pantailak Euskaraz taldearen iritziz, pantailetan kontsumitzen dugunak eragin zuzena du hizkuntza ohituretan. Horregatik, Pantailaldiko astebeteak ikus-entzunezkoen kontsumo joera aldaketa bat bultza dezakeela uste dute: “Telebistak, zinemaz, streaming plataformetan, Youtuben, bideojokoetan… Dauden euskarazko kateak, baliabideak, euskal sortzaileen lanak eta nazioarteko eduki euskaratuak kontsumitu daitezen”, hori espero du elkarteak, Berriak jaso duenez

Baliabideek inoiz baino gehiago diruditen honetan, ordea, Pantailaldiaren beste helburu bat da euskarazko edukiak jasotzeko dauden zailtasunez ohartzea eta, hala, ikusaraztea erakundeen aldetik neurri gehiago eta eraginkorragoak behar direla. Parte hartzaileek beren bizipenak azaltzeko eta elkarren berri izateko sareetan #PANTAILALDIA traola erabiltzeko eskatu dute antolatzaileek. Sare sozialetako profiletan egitasmoaren logoa ipintzea ere proposatu dute. Bost lagunek konpromiso berezia hartu dute, Hego Euskal Herriko lurralde bakoitzeko batek eta Ipar Euskal Herriko beste batek, beren esperientzia aktiboki partekatuko dute sareetan eta tokiko hedabideetan, Berriak jaso duenez.

Dinamikaren bueltan jarduera gehiago ere egingo dituztela jakinarazi du Pantailak Euskaraz-ek; hala nola, azaroaren 13an protesta bat egingo dute, euskaldunek zinemetan bizi duten “diskriminazioa” salatzeko. Euskalgintzako beste talde batzuek ere babestuko dute ekimena: Euskalgintzaren Kontseiluak, Euskaltzaleen Topaguneak, Uemak, Euskal Herrian Euskaraz-ek, Gazte Euskaltzaleen Sareak, Euskal Encodingsek eta Game Erauntsiak.

UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak orain gutxi azaleratutako ikerketa baten arabera, Euskal Herrian euskarazko ikus-entzunezko edukiek presentzia oso urria dute, bai gazteen artean baita haurrenean ere.

Bestalde, Pantailak Euskaraz plataformak gogorarazi du ia bi aste direla Twitterrek kontua itxi zionetik, eta “behin betiko erabakia” dela jakin duela. Zentsuraren aurka eta adierazpen askatasunaren alde, sinadura bilketa abian du taldeak.