argia.eus
INPRIMATU
Panpi Sainte-Mariek jendarmeen aurrean defenditu du ahateak eta baserritarrak salbatzeko herri harresia
Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2018ko urtarrilaren 11

Paueko prokuradoreak abian jarri duen inkesta dago deklarazio-deialdi honen atzean: joan den apirilaren 14an eta 21ean Barkoxeko Uhartia etxaldearen aitzinean elkartzeagatik “administrazio sanitarioko kideen trabatzean konplizitatea” leporatu diote Sainte-Marieri. Egun haietan laurehun baserritarrek antolatutako "herri harresiak" (hala definitu du ELBko buruzagiak) administrazioko funtzionarioei eragotzi zieten hiru etxaldeetan hazten dituzten ahateak hiltzea, operazioa bermatzera bidalitako jendarmeei aurre eginez. ELBk hasieratik aldarrikatu du hegazti haztegi industrialek eragindako erazo honen kalteak ez dituztela baserritar txikiek pagatu behar, hauen hazkuntza sistemak oso bestela funtzionatzen duela eta demostratu dela gaixotasuna kudeatu daitekeela etxalde txikiotako ahateak hil gabe.

Herri harresiak ez zien gendarmeei utzi ahateak hiltzen. (Andoni Lizeaga)

Sainte-Mariek jendarmeen aurrean aldarrikatu du ELBk jendea ohartarazten egindako lana, baina herri harresia bera gizarte zibilak antolatutako ekintza izan zela, jendarmeek egindako 50 galderetako bakar bati ez dioka erantzun, baina bai adierazi epailearen aurrean banan bana emango diela arrapostu, Iparraldeko Hitzak bildu duenez.: 

Mediabask hedabideak nabarmendu du aferaren bitxikeria hau: egun haietan baseritarrek antzeko ekintzak burutu zituzten arren Barkoxe, Gabadi eta Domintxinen, Baionako prokuradoreak ez du auzitara jotzea erabaki eta, aldiz, Zuberoa bere eskumenetan daukan Paueko prokuradoreak bai, menturaz eskarmentu gisa. ELBk ohar batean esan du prokuradorea auzi honetan tematzea ez duela ulertzen: "Badakigu Historiak arrazoin emanen daukula. Afera hunek lukeen segidaz ez gira arrangura, eta mobilizatzeko prest segitzen dugu aktualitateak hala manatzen badu."