argia.eus
INPRIMATU
Panpi Intzagarai
  • Isil, fidel eta gozoa trumoi handi barik inguruak hezetzen dituen lantzerra bezala. “Sibastarrak” pastoralaren bezperetan hil behar zuen hainbeste pastoralen eskuliburu editatutako inprimatzaileak. Eta bihotza lehertuta, hori ere idatzita egongo zen Uhaitzeko harriren batean. Bihotza.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2023ko abuztuaren 02a
Argazkia: Panpi Intzagarairen familia.

Uztailaren azken egunetan bata bestearen ondotik hurbildu dira lagunak Atharratzeko funerariumera emazte Mariseri konpainia egin eta 68rekin herioak eraman duen Panpi Intzagarai bera azken aldiz hezur-haragiz ikustera. Gelan zegoen aurrez aurre, ukitzeko moduan, ez tarteko kristal eta ez bestelako parafernalia, oheratuta balego bezala, gure aspaldiko Panpili, gainean ikurrina, xingola beltza eta “Euskal Herria Antifaxista” pegatina. “Zigarreta biltzeko tabakoa falta du” esan du norbaitek, momentu mikatza nola halako irriz irentsi nahian. Betiko Panpili Ozazekoa, bere bibote ederraz, halako bikingo aire batekin. ARGIAkook 1981 urrun batean ezagutu genuen, Ozazeko eskola zaharrean, Allande Sokarros, Jon Errezarret eta Jean-Pierre Duteuilekin egiten Egia hilabetekaria, gero Abil bilakatua, ezkerreko jende zorrotza aspaldian gainbehera zetorren Zuberoa inarrosi nahi zuena. “Herrian lana, herrian bizi” oihukatzen zen orduan. Laster hasiko zen inprimeriako lanetan, Lantzer argitaldari txikia antolatuta Errezarretekin. Lasarte-Orian Antza kooperatiban gogoan dauzkate Panpiliren bisitak eta pastoralen liburuak, urte luzez inprimatu dituztenak, muga gaineko elkarlana. Laneko bidai haietako batzuetan azaldu zen Aña lehen emaztearekin, autobus istripu dramatiko batean hilko zenarekin.  Ia hogei urtez aritu zen herriko auzapez ere, 1995etik 2014era, hautetsi abertzale askorik ez zen garaietatik. 1850ean Ozaze-Zuharak 471 biztanle omen zituen, 71ra murriztuak 1982rako. Gaur 86 dauzka, ez dira asko nahiz eta horietako bakar bat aski izan eskuzabaltasunez ari den auzapez bati galarazteko loa eta bizipoza. Hil dela zabaldu denean, agorrilaren atariko azken egun sargoriotan klase askotako jendea bildu da Panpi Intzagarairen gorpuaren bueltan, kultur ahaleginetan dabiltzanak, laborari militanteak, sasia ondo probatutako hego zein ipartarrak, Espainiak bezala Frantziak zintzurretik estu hartutakoak, noizbait Zuberoraino urrundik zerbaiten bila hurbilduak, Zuberoa bizi dadin herritik eskapo egiteari uko egindakoak, publikoki ezagunak batzuk, apal diskretoak asko. A zer belaunaldi emankorra.