argia.eus
INPRIMATU
Pandoraren Paperak: paradisu fiskaletan ezkutatu diren ondasunen filtrazio berria
  • Kazetarien Nazioarteko Partzuergoak filtratu du informazioa. Munduko buruzagien eta handikien sekretuak eta dirutzak erakusten ditu paradisu fiskaletan eta Amerikako Estatu Batuetan. 35 estatu buru eta estatu buru ohi, 330 funtzionario, enpresariak, artistak eta kirolariak daude zerrendan.

ARGIA @argia 2021eko urriaren 04a
Sebastián Piñera Txileko presidentea Pandoraren Paperetan ageri da. Argazkia: Cubanet / La Tercera.

Kazetarien Nazioarteko Partzuergoan 600dik gora kazetari aritu dira lanean, 150 hedabidetakoak eta 117 herrialdetakoak. Ia 12 milioi dokumenturen filtrazioa egin dute. Pandoraren Paperak 2016an ezagutu genuen Panamako Paperak enblematikoa baino handiagoa eta globalagoa dela adierazi dute.

Besteak beste, legezko eta legez kanpoko erabilerak egin dituen elite politikoa ageri da zerrendan. Adibidez Jordaniako erregea, Txile, Ekuador, Dominikar Errepublika, Paraguai, Ukraina eta Keniako presidenteak; Txekiako lehen ministroa eta Britainia Handiko lehen ministro ohi Tony Blair.

Artistak ere badira zerrendan: Julio Iglesias, Shakira, Claudia Schiffer, Ringo Starr, Elton John. Baita kirolari lotutakoak ere: izenik ezagunena Pep Guardiola futbol entrenatzailea.

Nazioarteko politikan aditua den Mikel Aramendi kazetariak Euskadi Irratian hitz egin du eta adierazi du azken filtrazio honek ere argi adierazten duela gauza bat: zergak herritar arruntek ordaindu behar dituztela eta sistematikoa dela diru sarrera handienak dituztenek zerga iruzurra egitea edo trikimailuak erabiltzea.