argia.eus
INPRIMATU
“Pandora” operazioa artxibatuta, anarkista kataluniarrak kriminalizatzeko muntaia agerian
  • Aste honetan jakin da notizia: Espainiako Auzitegi Nazionalak artxibatu egin du “Pandora operazioa”ren kausa. Operazio horren barruan Bartzelonako kolektibo anarkistekin zerikusia zeukaten hainbat lagun atxilotu zituzten.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2017ko ekainaren 02a
Pandora operazioa salatzeko manifestazio ugari egin ziren (argazkia: La Directa).

Ia hiru urte pasa dira Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, Esquadra Mossoek Bartzelonako mugimendu libertarioaren aurkako operazioari ekin ziotenetik.

Kasa de la Muntanya, 25 urte okupatuta zeramatzan etxe historikoa, Poble Sec eta San Andreuko ateneoak eta hamabost etxebizitza partikular inguru miatu zituzten 2014ko abendu hasieran: hamaika atxilotu guztira.

Hilabete  berean jakin zen Javier Gomez Bermudez epaileak “erakunde terroristako kide” izatea leporatuta hamaika horietatik zazpi kartzelara bidali zituela.

2014 amaierako atxiloketen ondoren, bigarren razzia bat egin zuten Esquadra Mossoek hurrengo urteko urrian.

Maiatzaren 30ean jakin denez, Espainiako Auzitegi Nazionalak ez du auzi horiekin aurrera jarraituko. Horrenbestez, bukatutzat eman daiteke “Pandora operazioa”ren kasua.

Lehenbiziko atxilotuek orain jakin dute auzia artxibatuko dela. Bigarren operaziokoek berriz, iazko ekainean jaso zuten albiste bera.